Krisi Ekonomikoa -
Proposamena
Atenasi laguntzeko egonkortasun funtsa handitzea proposatu du Merkelek
Alemaniako kantzilerraren arabera, Europako Finantza Egonkortasunerako Funtsean 10.000 milioi euro gehiago sartuz gero, Greziak prezio baxuan erosi ahal izango luke bere zorra.
Erredakzioa
Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak esan du Europako Finantza Egonkortasunerako Funtsa handitzea izan litekeela Greziaren erreskatea finantzatzeko irtenbidea.
Bermeak 10.000 milioi eurotan handitzeak zor propioa erosteko aukera emango lioke Greziari, prezio baxuan, Merkelek bere talde parlamentarioaren bileran azaldu duenez.
Aipatu talde parlamentarioko iturriek jakitera eman dutenez, Greziak kredituengatik ordaintzen duen interesen beherakada handi bat ere proposatu du.
Hala ere, interes horiek ezin direla KfW erakunde alemaniarrak finantziaziorako ordaintzen dituen interesak baino merkeagoak izan azpimarratu omen du Merkelek.
Alemaniako gobernuburua Bundestagen osoko bilkuraren aurretik bildu da diputatuekin, izan ere, Alemaniaren aurrekontuak eztabaidatu behar dituzte, Eurotaldeko estatuek Greziaren finantza arazoei aurre egiteko konponbidearen bila akordiorik lortu ez ostean.