Krisi Ekonomikoa -
26 langile
Artium Museoak Lan-Erregulazio Txostena aurkeztu dezake
Neurri hori ez da behin-betikoa, zentroaren zuzendaritzak batzorde exekutiboari helaraziko dion proposamen bat baita, museoaren iturriek azaldu dutenez.
Erredakzioa
Gasteizko Arte Garaikideko Artium museoak Lan-Erregulazioarako Txosten bat aurkeztea aztertzen ari da, 2013. urterako aurrekontuan pairatutako %25eko murrizketaren ostean. Neurri hori ezarriko balitz, zentro horretako 26 langileek eta azpikontratazio-enpresek modu ezberdinean jasango lituzkete ondorioak.
Dena den, neurri hori ez da behin-betikoa, zentroaren zuzendaritzak batzorde exekutiboari helaraziko dion proposamen bat baita, museoaren iturriek azaldu dutenez.
Batzorde horren zuzendaritza museoaren patroi nagusia den Foru Aldundiari dagokio, eta hura izango da zuzendaritzaren argudioak aztertu eta erregulazio-txostena babestea, aldatzea edota baztertzea erabakiko duena.
Momentuz, Foru Aldundiak ez dauka txosten horren inguruko “inolako berririk”, arabar erakunde horretako iturriek azaldu dutenez.
“Kultura, leku txarrenean”
Bere aldetik, Arabako Bilduk Iciar Lamarain Kultura diputatuaren agerraldia eskatu du txostenaren inguruko datuak zehaztu dezan.
Prentsari helarazitako ohar batean, koalizio abertzaleak “kultura beti leku txarrenean” geratzen dela gaitzetsi du, eta horren ardura “Artiumek bere aurrekontuetan jazaten dituen etengabeko murrizketei” egotzi die.