Krisi Ekonomikoa -
Elkarrizketa Radio Euskadin
'Legeari buelta eman behar diogu etxegabetzeak saihesteko'
Edmundo Rodriguez Achutegi magistratuaren iritziz, "bihar bertan" onartu daiteke etxea ez galtzeko eta etxe duina izateko eskubideak bermatuko lukeen legea.
Erredakzioa
Legegileek "araudiari buelta emateko obligazioa" dutela azpimarratu du Edmundo Rodriguez Achutegi Arabako Lurralde Auzitegiko magistratu eta Euskadiko Justizia Auzitegi Goreneko Salako kideak. Bere ustez, "bihar bertan" onartu daiteke etxea ez galtzeko eta etxe duina izateko eskubideak bermatuko lukeen legea.
Radio Euskadin egindako elkarrizketan, Rodriguez Achuteguik esan du epaileak "gizartearen parte" direla, eta, ondorioz, etxegabetzeen legeak aldatzeko eskaria egiten dutela.
"Guztiok daukagun sentimenduari erantzuten dio, izan ere, sakrifizioak guztion artean berdin banatuta ez daudela sentitzen dugu. Gizartearen zati bat da pisu gehiena jasaten ari dena. Gainera, zorrak ordaintzeko arazoak konpontzeko orduan, legeak ez ditu guztientzako baliabide berdinak eskaintzen", azaldu du magistratuak.
Bere iritziz, etxegabetzeen egoera "oso larria da, zorrak ordaintzeko arazoak gora egin dutelako, batez ere langabeen kasuan, eta kasu horiek epaitegietan amaitzen dute, eta beldurgarria da hori".
"Guztion ahalegina"
Egoera ikusita, "guztion artean ahalegina egin behar da", eta errenta handiei dituztenei "laguntza gehiago emateko" eskatu behar zaie.
"Sakrifizioak egin behar badira, ondo legoke finantza erakundeek langabeak etxegabetzeko eskubiderik ez izatea, lanik gabe jarraitzen duten bitartean, behintzat", gaineratu du.