Ekonomia -
AHTaren inguruko jardunaldiak
AHTaren lanek urtean 7.000 lanpostu sortzen dituztela dio Arriolak
"Abiadura Handiko Trena Gipuzkoan" izeneko jardunaldietan, Jaurlaritzak EHUri eskatutako txosten baten ondorioak azaldu ditu Arriolak.
Erredakzioa
Donostiako Kursaal Kongresu Jauregian ospatzen ari diren "Abiadura Handiko Trena Gipuzkoan. Aukerak eta Garapen Ekonomikoa" jardunaldietan egon da Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako jarduneko Garraio sailburua.
Bertan, "Abiadura Handiko Trena EAEko ekonomiaren motorrarentzat ezinbesteko gasolioa" dela esan du. EHUri eskatutako txosten baten arabera, Abiadura Handiko Trenaren lanek urtean 7.000 lanpostu sortzen dituzte.
"Euskal Y"aren Gipuzkoako adarra eraiki bitartean sortzen ari diren aukera ekonomikoak azpimarratzea da jardunaldi horien helburua. 7.000 lanpostu horietatik, 2.800 lanpostu zuzenak eta gainerakoak zeharkakoak direla azaldu du. Behin AHTa martxan dagoenean, ia 2.000 lanpostu egonkor sortzea aurreikusi dutela gaineratu du sailburuak.
Errepideetatik 2.000 kamioi eta 3.300 turismo kenduko omen ditu trenak, eta ingurumenean eta errepideetako segurtasunean eragin positiboa ekarriko du. Azpiegitura honetan inbertsio osoa 5.900 milioi eurokoa izango dela baieztatu du Arriolak
Zenbaki eta kalkulu horiek guztiak "propaganda hutsa" direla salatu dute Kursaal aurrean AHT Gelditu taldeko kideek. Inbertsio horrekin baliabide publikoak xahutu dira, horien ustez, Gipuzkoan "kilometro bakoitzak 30 milioi euroko kostua izan baitu".
Espainiako Gobernuari 'argi hitz egiteko' eskatu dio
Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuak AHTren inguruan "argi hitz egiteko" eskatu dio Espainiako Gobernuari, eta "aurrekontuetako murrizketak direla eta lanen epeak aldatzea aurreikusten badu, mahai gaineratzeko" eskatu dio.
Jaurlaritza Ana Pastor Sustapen ministroarekin bilera egiteko zain dagoela azaldu du, "Aurrekontuetan Bizkaiko eta Gipuzkoako AHTren lanak finantzatzeko aurreikusitako murrizketak direla eta".
EH Bilduk jardunaldietan "diru publikoa xahutu" dela kritikatu du
Bestalde, EH Bilduk AHTren Jardunaldietan "diru publikoa xahutu" dela salatu du ohar baten bitartez.
Jaurlaritzak antolatutako jardunaldiek "propaganda egiteko helburua" dutela esan dute. "Herritarrek ordaindutako propaganda ekitaldi hauek zatarrak dira, sektore publikotik milioi askoko ordainketak jasotzen dituzten enpresen onura soilik bilatzen dutelako", kritikatu dute.