Krisi Ekonomikoa -

Kaleratzeak

Gamesak inor kaleratu gabe aurrera egin dezake, ELAren ustez

Sindikatuak salatu egin du lanpostuen "sekulako deusestea" zuzendaritzaren "ardura" dela, eta "azken urteetako kudeaketa txarra" leporatu dio.

ELA sindikatuak zuzendaritzaren kudeaketa txarrari egotzi dio Gamesaren egoera. EITB.
Gamesa kaleratzeak | ELA: 'Gamesak hobera egin dezake, inor bota gabe'
ELA sindikatuak zuzendaritzaren kudeaketa txarrari egotzi dio Gamesaren egoera. EITB.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA sindikatuaren iritziz, Gamesak egoera kritikoa gainditzeko aukera izango luke 1.800 langile, horietariko 500 Espainian, kalera bota barik. ELAren hitzetan, nahikoa litzateke ordezkaritza sozialak egindako proposamenei jarraitzea eta gastu alternatiboak murriztea.

Sindikatuak salatu egin du lanpostuen "sekulako deusestea" zuzendaritzaren "ardura" dela, eta "azken urteetako kudeaketa txarra" leporatu dio. Gainera, langileen balioa aintzat ez hartzea ere egotzi dio zuzendaritzari, "pertsonen modura hartu beharrean, posizio hutsak bezala hartzen ditu".

Iragarritako kaleratzeak 2013ko lehen hiruhilekoan egingo dira, nahiz eta plan estrategikoak 2015 arte iraungo duen. Prentsa oharrean, ELA kezkatuta agertzen da apiriletik aurrera gerta daitekeenarekin, eta duela hilabete batzuk iragarritako berrantolaketaren "arrasto gutxi" ikusi dutela esaten du.

Zuzendaritza sindikatuekin harremanetan jarri eta "atzo promestutako negoziazioak hasteko zain" daudela esan dute ELAko ordezkariek. Sindikatuak aditzera eman duenez, gainontzeko ordezkari sozialekin berehala kontaktua jartzeko asmoa dute "ekintza eta jarrera komunak adosteko", izan ere, ziur daude "kaleratzeak saihestu egin daitezkeela".

UGT: 'Kaltea ahalik eta txikiena izan dadila'

Juan Goyen Nafarroako UGTko idazkari nagusiaren hitzetan, Gamesarekin hasi beharreko negoziazioetan "kaltea ahalik eta txikiena" izan dadila saiatuko dira.

Egoera "oso zaila da sektore ekonomiko guztietan", baita energia berriztagarrien sektorean ere, esan du Goyenek. UGTko ordezkariak prentsaurrekoa eman du CCOOko Maria Molinerorekin batera, azaroaren 14ko greba orokorra aurkezteko.

Yolanda Barcina

Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak Gamesaren erabakiak "aurreikusitakoa baino eragin txikiagoa izatea" espero duela adierazi du, eta enpresari ere mezu hori helarazi diola gaineratu du.

Parlamentura iritsi eta kazetariei egindako adierazpenetan esan duenez, Gamesarena "murrizketa handia da nazioartean".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea