Krisi Ekonomikoa -
Krisia sakonduz
Portugaleko Gobernuak Aurrekontuak aurkeztu ditu zerga gehiagorekin
Hartutako neurrien artean, besteak beste, sektore publikoan lan egindako aparteko orduen prezioa jaitsi egingo da eta langabeek eta gaixoek jasotako diru-laguntza murriztuko da.
Erredakzioa
Portugaleko Gobernuak 2013ko Aurrekontuen proposamena bidali dio Parlamentuari astelehen honetan, bertan doitasun neurriak gogortu ditu, defizit publikoa murrizteko karga inposatzailearekin eta finantza erreskatearen konpromisoarekin akatsik ez egiteko.
Pedro Passos Coelho lehen ministroaren Gobernuak proposatzen dituen murrizketak 5.300 milioi eurokoak dira (Portugaleko BGParen % 5,5 inguru); horren % 80a diru-sarrera publikoetatik dator, presio fiskala handitzeagatik batik bat, eta gainerako % 20a Estatuaren gastutik dator.
Zergak gehituz bakarrik, Vitor Gaspar Portugaleko Finantza ministroaren hitzetan, Gobernuak 4.300 milioi euro aurreztuko ditu, eta horietatik 2.800 baino gehiago errentaren gaineko zergetatik etorriko da.
Gastu publikoa 1.026 milioi euro murriztuko da bitartekoak kenduta, enpresa publikoetako langile kopurua murriztuta eta prestazioak jaitsita; horren bidez, 2012an funtzionarioei eta pentsiodunei kendutako bi diru-laguntzetako bat itzuliko zaie.
Bestalde, sektore publikoan lan egindako aparteko orduen prezioa jaitsi egingo da eta langabeek eta gaixoek jasotako diru-laguntza murriztuko da.
"Maniobra marjina oso txikia dugu", adierazi du Finantza ministroak Aurrekontuen proposamena aurkeztean, eta Portugal Europar Batasunak eta Nazioarteko Diru Funtsak esku hartu behar duen herrialdea dela nabarmendu du; horretan oinarritu da autonomia murrizteko ideia azaltzean.