Krisi Ekonomikoa -

Gosari informatiboa

Erreskateari buruz erabaki bat hartzeko eskatu dio Kutxabankek Rajoyri

Mario Fernandezek "ekimen koordinatua" eskatu du Espainia marka bultzatzeko eta "beharrezkoak diren doitzeak" egin ahal izateko.

Mario Fernandez (Kutxabank). Argazkia: EITB.
Mario Fernandez (Kutxabank). Argazkia: EITB.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiaren erreskatearen inguruan erabaki bat hartzeko eskatu dio Mario Fernandez Kutxabankeko presidenteak Mariano Rajoyri, Espainiako bankuei egindako erresistentzia probak “armairuan gorde behar ez izateko”. Horrez gain, Espainiako alderdi politikoei hitzarmen bat sinatzeko eskatu die, Espainia marka bultzatzeko eta “beharrezkoak diren doitzeak” egin ahal izateko.

“Ekimen koordinatua” eskatu du Mario Fernandezek; “bestela, egoerak okerrera egingo du, eta horrek gizartean eragin izugarria izan dezake”. “Espainia saltzea ez da Jordania saltzea”, gaineratu du kazetariekin antolatutako gosari batean.

Erreskatearen inguruan, Espainiako ekonomiarentzat kaltegarriak diren zalantzak argitzeko eskatu dio Fernandezek Rajoy presidenteari. Horren harian, bankuei dagoeneko jarritako baldintzez gain, beste baldintza batzuk jartzea “gehiegizkoa” eta “bidegabea” litzatekeela esan du.

Europar Batasunari ere laguntza eskatu dio. Fernandezen hitzetan, egonkortasun fiskalarekin ez da hazkundea lortuko. “Egonkortasunarekin bakarrik hazkundea lortzea ezinezkoa da”, azpimarratu du.

Espainiako Gobernuak pizgarriak bultzatzeko aurrekonturik ez daukala esan du Mario Fernandezek, “doitze fiskalak” indarrean jarri behar dituelako. Hala ere, Fernandezen iritziz, irtenbideak krisiaren eragina pairatzen ez duten herrialdeetatik etorri beharko luke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea