Krisi Ekonomikoa -
Bilera Grezian
Merkel: 'Estatu batzuek hamarkadak behar izan dituzte altxatzeko'
Greziak erronka ekonomikoei kontra egiteko aurrerapenak egin dituela aitortu du Alemaniako kantzilerrak, baina “goizetik gauera” gaindituko ez dituela nabarmendu du.
Erredakzioa
Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak aurrerapenak aitortu ditu Greziako ekonomian erronkei aurre egiteko, baina "goizetik gauera" gaindituko ez dituela nabarmendu du. Halaber, arazo horiek izan dituzten beste herrialde batzuek altxatzeko hainbat hamarkada behar izan dituztela azaldu du.
Antonis Samaras Greziako lehen ministroarekin egindako agerraldian, Merkelek esan du badakiela greziarrak zailtasun handiak pasatzen ari direla, eta bidea "zaila eta gogorra" dela gaineratu du, baina "ordainsaria" jasoko dutela azpimarratu du.
Halaber, kantzilerrak azaldu duenez, ez da Greziara "azterketa egitera doan irakaslea" bezala joan, kide eta lagun moduan baizik, "bide zailari" aurre egin behar dion herrialdeari babesa ematera.
Horren haritik, Merkelek esan du Alemaniak ahal duen guztia egingo duela Greziako enpresa txikiek eta ertainek krediturako sarbidea izan dezaten eta egitura funtsak nora joango diren lehenbailehen jakitearren, Greziaren egoera egonkortzeko.
Samarasek esan duenez, Greziak eurogunean jarraituko du, eta herrialdea amildu egingo zela zioten guztiek apustua galdu dutela nabarmendu du.
Istiluak Poliziaren eta manifestarien artean
Greziako Poliziak gas negar-eragilea erabili du, harriak eta bestelako jaurtigaiak bota dituzten manifestarien aurka, Atenasen; izan ere, Greziako hiriburuan milaka pertsona bildu dira Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren bisitaren aurka protesta egiteko.
Istiluen aurkako agenteek beldurra eragiteko granadak eta piperbeltzez beteriko aerosolak erabili dituzte aurrez, manifestazioa egiteko debekuaren gainetik Atenas erdialdeko Sintagma plazan bildu direnen aurka.