Krisi Ekonomikoa -
Erreskatea
Gobernuak 568 milioi euro transferitu dizkio Kataluniari
Hornitzaileei, eskolei, ospitaleei eta gizarte erakundeei ordaintzeko erabiliko dute. Ordainketa ostiralean jaso behar zuen, eta atzerapenak 24 milio euroko gastua eragingo diola salatu du Kataluniak.
Erredakzioa
Espainiako Gobernuak 568 milioi euroko laguntza eman dio astearte honetan Kataluniari. Erkidegoen Likideziarako Funtsetik egin dute transferentzia, eta dagoeneko Kataluniak jaso dituen 471 milioi euroei batu zaio kopurua; denera, beraz, 1.039 milioi euro jaso ditu Kataluniak.
Aurretik jasotako 471 milioi euroak zor publikoaren epemugari aurre egiteko erabili zituen. Gaur jasotakoa, berriz, hornitzaileei, eskolei, ospitaleei eta gizarte erakundeei ordaintzeko erabiliko dute.
Atzerapenak 24 milioi euroko gastua eragingo die
Berez ostiralean jaso behar zituzten 568 milioiak, baina, laguntzaren ordainketa atzeratu egin zutenez, Generalitateak ere hainbat ordainketa atzeratu behar izan zituen, besteak beste, osasun arlokoak, hezkuntzakoak eta laguntza sozialak.
Atzerapenak 24 milio euroko gastua eragingo diola salatu du Kataluniak, eta Rajoyren Gobernuak, bestalde, hauteskundeei begira egindako kexa dela uste du.