Krisi Ekonomikoa -
Presidenteen Batzarra
Lopez:'Akordioak ez du murrizketekin desadostasuna dagoela ezkutatuko'
Lehendakariak esan duenez, Presidenteen Batzarrean fiskalitateari buruz onartutako dokumentua "ona da herrialde osoarentzat", baina "ez ditu desadostasunak ezkutatzen", gaineratu du.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak azaldu duenez, egonkortasun fiskalari buruz Presidenteen Kontseiluan onartutako dokumentua "ona da herrialde osoarentzat", baina "ez ditu murrizketa politikaren inguruko desadostasunak ezkutatzen", gaineratu du.
Presidenteen Batzarra amaitu ostean Lopezek esan duenez, erkidegoek defizitaren inguruko konpromisoa onartu dute eta bete egingo dute, baina "bakoitzak zein gastu dituen jakiteko moduko antolakuntza" ezarriko dela nabarmendu du.
Patxi Lopezek balizko erreskate baten inguruan hitz egin du, eta "erreskatea eskatu baino lehen baldintzak ezagutu" egin behar direla azaldu du, "ondorioak zein izango diren" argitzeko.
Erreskatea eskatzeko asmoa baldin badago, Mariano Rajoyk, presidente autonomikoei ez ezik, herrialdeari eta gizarteari ere jakinarazi behar diela azpimarratu du.
Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak Presidenteen Batzarrean lortutako akordioa "pauso garrantzitsua" dela uste du, defizit estrukturala jaisteko, lehiakortasuna hobetzeko, legeria errazteko eta bikoiztasunak ekiditeko autonomien konpromisoa jasotzen duelako.
Maria Dolores de Cospedal Gaztela-Mantxako presidenteak azaldu duenez, egungo finantzaketa autonomikoaren sistema "ez da ona", eta krisiak sistema horretan duen eragina ebaluatzea eskatu du. Halere, presidente autonomiko guztien arteko akordioak ebaluazio hori aldatzea ekarriko duela azaldu du.
Ignacio Gonzalez Madrilgo presidenteak txalotu egin du Presidente Autonomikoen Batzarrean egungo finantzaketa sistema berraztertzea adostu izana, haren ustez, Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuaren eta Kataluniakoaren artean "inposatutako" zerbait delako.