Krisi Ekonomikoa -

Presidenteen Biltzarra

Lopezek 'inbertsio publikoak bat-batean ez etetea' eskatu dio Rajoyri

Lehendakariaren esanetan, inbertsio horiek "tupustean" murrizteak "suizidio ekonomikoa" ekarriko du.

Alberto Núñez Feijoo, Patxi Lopez eta Mariano Rajoy, presidenteen batzarrean. EITB
Alberto Núñez Feijoo, Patxi Lopez eta Mariano Rajoy, presidenteen batzarrean. EITB
Presidenteen Biltzarra, Senatuan

01:39

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Lopez lehendakariak "inbertsio publikoak bat-batean ez eteteko" deia egin dio gaur Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuari, Presidenteen V. Biltzarrean, Senatuan. "Horrek suizidio ekonomikoa ekarriko luke", ohartarazi du.

Horren ildotik, defizita murriztea baino ez helburu duten politikek "zorra, atzeraldia eta langabezia handitzea eta Ongizate Estatua desegitea" ekarri dutela gogorarazi du, eta Europan defizit helburuak betetzeko epeak "malgutzea" eta "ekonomia sustatzeko neurriak abiatzea" aldarrikatzea eskatu dio Rajoyri.

"Europan ozenago hitz egiteko unea dela uste dut, eta horrela egiten baduzu, nire babes osoa izango duzu", esan dio.

Lehendakariak autonomia erkidegoen defizit helburuak aldatzea ere eskatu du, ez baitu "bidezkoa" ikusten 2013rako baimendutako % 4,5etik, % 3,8 Administrazio zentralarentzat izatea eta erkidegoek % 0,7 baino ez izatea, erkidegoak "zerbitzu-emaile handienak" baitira, hots, "gastu publiko handiagoa dutenak".

Lopezek zerga sistema erreformatzea proposatu du, "Europako presio fiskalera hurbiltzeko", eta ondasun handien zerga sortzeko deia egin du.

Azkenik, osasun arloko murrizketak galarazteko xedez, Jaurlaritzak onartutako dekretuaren aurka aurkeztutako helegitea kentzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea