Krisi Ekonomikoa -
2013ko Aurrekontu Orokorrak
Rajoyk murrizketak egin ditu AHTan, neutroi-iturrian eta Zinemaldian
2013ko Aurrekontuetan, Espainiako Gobernuak inbertsio txikiagoa egingo du Euskadiren hainbat proiektu estrategikotan.
Erredakzioa
Estatuko Aurrekontu Orokorrak kolpe latza izan dira Euskadiko hainbat proiektu eta kultura ekitaldi estrategikorentzat. Izan ere, Espainiako Gobernuak murriztu egin du Abiadura Handiko Trenera (AHT), Bilboko neutroi-iturrira eta Donostiako Zinemaldira bideratutako inbertsioa.
Hori horrela, Euskal Y ez dela "ez 2016., ez 2017. urtean" bukatuta izango ohartarazi du Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuak.
Donostian egindako agerraldi batean, Arriola "oso kezkatuta" agertu da, Espainiako Gobernuaren inbertsioa 314 milioi eurotik 190 milioi eurora jaitsiko baita hurrengo urtean.
Sailburuaren hitzetan, "zentzuzkoena" inbertsioari eustea edo handitzea litzateke, "baina ez laguntzak murriztea".
Eusko Jaurlaritzak Sustapen Ministerioarekin eta Adifeko buruzagiekin bilera egitea eskatuko du. "Konpromisoak bete egin behar dira", azpimarratu du Arriolak.
Bestalde, Jaurlaritzak salatu duenez, Espainiako Gobernuak ez du Bilboko espalazio bidezko neutroi-iturri proiektua finantzatuko hurrengo urteko Aurrekontuetan. Horrenbestez, bilera egiteko deia egin dio.
Nolanahi ere, Patxi Lopez lehendakariak neutroi-iturria babesten jarraitzeko eta bere finantziazio zatia ez murrizteko "borondate irmoa" agertu du.
Donostiako Zinemaldiari dagokionez, Kultura Ministerioak 120.000 euro gutxiago bideratuko ditu hurrengo urtean.
Iragarpen horren aurrean, Donostiako Udaleko PSE-EEk adierazpen instituzional bat erroldatu du, Kultura Ministerioari eta beste erakunde publikoei zuzenduta. Bertan, Zinemaldiak jasotzen dituen laguntza ekonomikoek murrizketarik izan ez dezaten eskatu dute.