Krisi Ekonomikoa -
Bankuen ebaluazioa
Banco Popularrek bere 'banku txar' propioa eratuko du onbideratzeko
Independente izaten jarraitzeko eta birkapitalizaziorako laguntza publikoak ez jasotzeko beharrezko neurri guztiak hartuko dituela ziurtatu du Banco Popularrak.
Erredakzioa
Banco Popularrek onbideratzeko plan bat onartu du eta besteak beste, "banku txar propio" bat eratuko dutela eta berehala 2.500 milioi euroko kapital-zabalkuntza egingo dutela iragarri dute, zehazki, azaroa erdialdean.
Banketxeko finantza zuzendariak azaldu duenez, bankua onbideratzeko hartu duten hirugarren neurria aurten 9.300 milioi euroko hornidura funtsa betetzea da..
Independente izaten jarraitzeko eta birkapitalizaziorako laguntza publikoak ez jasotzeko beharrezko neurri guztiak hartuko dituela ziurtatu du zuzendariak.
Horien artean azpimarratu du barne "banku txarra" eratzearena, "aktibo toxikoak ahalik eta azkarren banantzeko".
Joan den ostiralean, Oliver Wymanek Espainiako 14 banketxeri egindako ebaluazioaren datuak argitaratu zituen, kapital beharrak zehazteko eta okerrenean jarrita, beharko litzatekeen zenbatekoa zehazteko. Datu horien arabera, Banco Popularrek 3.223 milioi euro behar ditu.
Kopurua ezagutu bezain laster, entitateak (Banco Pastorrekin batzeko bidean) laguntza publikoak eskatzea baztertu zuen eta euren baliabide propioekin kapital beharrak asetzeko "ahalmen nahikoa" zuela azaldu zuen.