Ekonomia -
Aurrekontuak 2013
Zorraren pisua BPGaren % 90,5era iritsiko da 2013an
Osasun eta hezkuntza Ministerioak dira kaltetuenak, izan ere, % 22,5 eta % 17 jaitsiko dira, hurrenez hurren.
Erredakzioa
2013ko Estatuko aurrekontuetan zorraren gorakada nabarmendu da, izan ere, erakunde guztietako zorraren pisua Barne Produktu Gordinaren % 85,3 izatetik % 90,5era pasatu da.
Igoera honen arrazoi nagusia banketxeak onbideratzeko 100.000 euroko erreskatea dago, Greziaren eta Portugalen erreskaterako jarritako dirua eta krisi ekonomikoak bultzatuta areagotu den zorraren beharra.
Defizita gutxitzea, lehen helburua
Defizit publikoa gutxitzea da Aurrekontuen helburu nagusia; diru-sarrera gehiagorekin eta gastu gutxiagorekin.
Luxurik gabeko aurrekontuak dira. Batik bat gastuak gutxituko dira, zehazki, % 7,3. Diru-sarrerak, ordea, % 4 handituko dira.
Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan ezarritako aldaketak 6.600 milioi euro emango dizkio Gobernuari, sozietateen gaineko zergak beste 6.000 milioi eta BEZren bitartez, beste 10.000 milioi lortuko ditu Gobernuak. Halaber, etxebizitza erosteagatik ezabatu den kenkariak edota 2.500 euro baino gehiagoko Loteria sarien % 20ko zergak ere diru-sarrerak handitzea ahalbidetuko dute.
Murrizketa handiena Osasun Ministerioan
Osasun Ministerioak jasango du murrizketa handiena 2013an, zehazki, lehengo urtearekin alderatua, % 22,6 jaitsiko baitute osasun arloko diru-kopurua.
Industria, Energia eta Turismo Ministerioko aurrekontuak ere % 21,3 egingo du behera.
Behera egingo dute ere Sustapen Ministerioak ( % 17,6), Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak ( % 17,2) Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioak ( % 13,3) eta Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak (% 13,2).
Bestalde, Ekonomia eta Lehiakortasuneko Ministerioaren aurrekontua igo egingo da ( % 4), baita Presidentetzakoa ere ( % 0,6).