Krisi Ekonomikoa -

Greba Orokorra

Greba orokorra: 'Arrakasta' sindikatuentzat; 'porrota' patroientzat

Krisia hasi zenetik egindako bosgarren greba orokorrak parte-hartze ezberdina izan du, sindikatuen eta patroien ustez. Egunean zehar tentsio-uneak bizi izan dira, eta 5 pertsona atxilotu dituzte.

Bilbon astearte eguerdian egindako manifestazioa. Argazkia: Efe
Milaka lagun greba eguneko manifestazioetan

01:03

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sindikatu abertzaleek murrizketen aurka antolatutako greba orokorrak milaka pertsona aterarazi ditu euskal hiriburu nagusietako kaleetara. Horrelako mobilizazioetan gertatzen den bezala, parte-hartze datuen interpretazioak oso ezberdinak dira, sindikatuek “positiboki” baloratu baitute gaurko eguna, eta Confebaskek “azkenaldian egindako grebarik lasaiena” izan dela azpimarratu du.

Egunean zehar bizi izandako tentsio uneak direla eta, orain arte 30 atxiloketa -horietako 15 Iruñean- eta hamabi salaketa egin dira. Gainera, pertsona bat Basurtuko Ospitalera eraman behar izan dute, 10:20 aldera gertatutako istilu baten ondorioz, Ertzaintzak eitb.com-i azaldu dionez.

Parte-hartze ezberdina

Greba orokorrean izandako parte-hartzea ezberdina izan da, sindikatuek, patroiek eta EAEko eta Nafarroako gobernuek helarazitako datuen arabera.

Antolatzaileen arabera, goizeko hamaikak aldera, industria arloko enpresen % 56 zegoen itxita. Euskotren eta Eusko Trenbide Sareko jarduera gutxienezko zerbitzuetara mugatu da. Bilboko Metroan, berriz, eragina “oso esanguratsua” izan da, eta Gasteizko Tuvisa autobus enpresan % 80ko jarraipena egin dute.

Eraikuntza arloan, Gipuzkoan erabat geratu dira martxan dauden obrak, eta beste lurraldeetan “eragin handia izan da”. Horrez gain, Bilboko Portuko langileek ere greban parte hartu dute.

Aitzitik, Confebask euskal patroien elkarteak dio grebak % 20ko eragina izan duela, eta “azkenaldian EAEn egindako grebarik lasaiena” izan dela.

Lurraldeka, Bizkaiko Cebek patronalak % 15ean zenbatu du lurralde horretan grebak izan duen jarraipena. Gipuzkoan, Adegik % 40koa izan dela kalkulatu du. Beste alde batetik, SEA arabar patronalak “porrot izugarria” izan dela ziurtatu du, “langileen % 9ren jarraipena izan baitu”. Azkenik, Juan Antonio Sarria Nafarroako Enpresari Federazioaren presidenteak “porrot” bezala kalifikatu du gaurko eguna.

Patronalak dituen energia kontsumoaren datuen arabera, grebaren ondorioa “aurtengo martxoan izandakoa baino txikiagoa izan da, orduan kontsumoa % 45 jaitsi baitzen, gaur, aldiz, % 22”.

Manifestazioak

Gaurko deitutako mobilizazioei dagokienez, milaka langilek bat egin dute EAEko hiriburuetan gaur goizean egindako manifestazioetan.

Bilboko martxan, besteak beste, sindikatuetako buru hauek izan dira: Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusia, Ainhoa Etxaide LABekoa eta Josu Balmaseda ESK sindikatukoa. Eraman duten pankarta nagusian ondorengoa irakur zitekeen: ‘EH murrizketarik ez. Lan eta giza eskubideengatik”.

Manifestazioa amaitzean, Muñozek eta Etxaidek hartu dute hitza. Hauek “planto” egiten duen politika alternatibo bat eskatu dute, murrizketak eta boterea duen “eskuin ekonomiko eta politikoa”ren neurriak onartzen ez dituena.

Iruñean egindako manifestazioan milaka pertsonak parte hartu dute, eta Poliziak istiluen aurkako materialarekin esku hartzean istiluak izan dira. Gobernuaren ordezkariordetzak azaldu duenez, pertsona talde batek Parlamentuaren egoitzari harriak bota dizkio.

Istiluak

Eusko Jaurlaritzaren arabera, 19 pertsona atxilotu eta beste 12 auzipetu dituzte, horietatik 11 Gasteizko pikete baten parte izan dira eta “istiluak sortzeko material asko zuten”, Miguel Buen Herrizaingo sailburuordearen hitzetan.

Buenek azaldu duenez, pertsona bat bekain batean zauritu da, Bilboko Kale Nagusian, halere, gomazko pilota baten inpaktuagatik izan ote den oraindik zehaztu ezin dela gaineratu du. Halaber, Bilboko hirigunean Ertzaintzak “gomazko pilotak” jaurti dituela nabarmendu du.

Bestalde, Sabino Cuada Amaiurreko diputatuak eta Espe Iriarte LAB sindikatuko hezkuntza gaietako bozeramaileak istiluetan sartuta ikusi dute euren burua, Iruñean, Corte Inglesetik gertu.

Iruñeko autobus geltokian izan da gertakaria; Cuadraren lankide bat atxilotzear ari zirela eta Amaiurreko diputatua polizia batengana hurbildu da. Orduan, diputatua dela esan dio eta poliziak borraz jo du, Cuadraren arabera. “Diputatua naizela argitzen duen dokumentazioa erakutsi diot eta identifikatzeko eskatu diot; ezetz esan dit eta bultzatu egin nau".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea