Krisi Ekonomikoa -
Greba orokorra: I-26
Jaurlaritzak ezarritako gutxiengo zerbitzuei eutsi die Auzitegiak
"Desegokia" iritzi dio ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuek eskatu bezala, Jaurlaritzak ezarritako gutxiengo zerbitzuak bertan behera uztea.
eitb.com
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bere horretan utzi ditu Jaurlaritzak irailaren 26ko grebarako ezarritako gutxiengo zerbitzuak geriatrikoetako, adingabeen eta gasolindegietako larrialdi zerbitzuetan izan ezik.
Atzo jakinarazi, baina gaur argitaratu den autoan, ELAk, LABek, STEE-EILAS eta greba orokorreko gainerako deitzaileek eskatutakoa (Jaurlaritzak ezarritako gutxiengo zerbitzuak bertan behera uztea) "desegokia" iruditu zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiari. Hala, garraio publikoan, hezkuntzan eta osasun zerbitzuan ezarritako gutxiengo zerbitzuak bere horretan uztea erabaki du Auzitegiak.
Geriatrikoetako, gasolindegietako eta adingabeen zentroetan, ostera, gutxiengo zerbitzuen dekretua baliorik gabe uztea erabaki du: geriatrikoetan zerbitzuaren %50 eskainiko dute eta %10 gehiago egunaren ordu batzuetan, martxoaren 29ko greban egin zuten bezala.
Adingabeen zentroetan ere jai egunetan bezala lan egitea errefusatu du; izan ere, adingabekoak eskoletan ez daudenez, jaiegun horietan ohiko lan egunetan baino langile gehiago ari da beharrean.
Gasolindegiei dagokienez, %30etik %20ra murriztu ditu gutxieneko zerbitzuak, martxoaren 29ko greban erabaki zen bezala.
Aurreko aldi batzuetan gertatu den moduan, garraio publikoan zerbitzuaren % 30 eskainiko dute gutxienez, osasun alorrak jaiegunetako zerbitzua izango du, eta hezkuntzan langile bakarra egongo da zentroa irekita eduki ahal izateko. EITBk ohiko ordutegian eman beharko ditu albistegiak.
Informazio osagarria: Greba eguneko argazkiak