Ekonomia -
Segurtasunaren inguruko bilera
Ryanairrek segurtasun arauak betetzen dituela berretsi du Irlandak
Espainiak eta Irlandak bilera egin dute azken egunetan Ryanair konpainiaren hegazkinek izandako gertaerak aztertzeko.
Erredakzioa
Irlandako Gobernuak Ryanairren hegaldiak "zorrotz" gainbegiratuko dituela esan dio Carmen Librero Espainiako Garraio idazkari orokorrari bi herrialdeek izan duten bileran, eta segurtasun neurriak betetzen dituela berretsi dute.
Dublinen bildu da Libero Irlandako Gobernuko arduradunekin, izan ere, azken asteetan Ryanair konpainiak segurtasuna zalantzan jarri duten hainbat jazoera izan ditu. Bileran, Angel Luis Arias Abiazio Zibileko zuzendari nagusia, Tom O'Mahony Irlandako Garraio eta Turismo Saileko idazkari orokorra eta Irlandako Abiazio Agintaritzako arduradunak egon dira.
Prezio baxuko hegaldien sektoreko lider da Ryanair eta azken asteetan bere hegaldien segurtasuna izan da hizpide.
"Irlandako Abiazio Agintaritzak zorrozki zaintzen ditu Ryanairren hegaldiak eta segurtasun neurriak nahikoak dira", dio Irlandako Garraio Ministerioak bidali duen ohar batek.
Gainera, Irlandako Abiazio Agintaritzak eta Espainiako Aireko Segurtasun Agentziak bilerak egiten jarraitzea adostu dute.
Elkarlanaren adibide gisa, "joan den irailaren 16an Madrilen gertaturikoa bien artean aztertuko" dutela azaldu dute.
Kasu horretan, Tenerifera zihoan hegazkin batek Barajaseko aireportuan lur hartu behar izan zuen arazo teknikoak zirela eta.