Ekonomia -
Gipuzkoan
PSEk, PPk eta EAJk San Markoko presidentzia kenduko diote Bilduri
Gipuzkoako hondakinak kudeatzeko ardura Partzuergoaren esku dago, eta biztanleen gehiengoa duten mankomunitateetako presidentzia aldatu arren, Partzuergoan Bilduk jarraitu du zuzendaritza lanetan.
Erredakzioa
Gipuzkoako PSEk “akordio politikoa” sinatu du EAJrekin, Bilduri San Marko Mankomunitatea kentzeko. Hitzarmen horren arabera, Denis Itxaso sozialista izango da mankomunitate horretako presidente berria. Sozialistek San Marko, Txingudi eta Debabarreneko presidentziak izango dituzte aurrerantzean.
Bildu Gipuzkoan hondakinak kudeatzeko erabiltzen ari den moduarekin “deseroso” daudela azaldu du Denis Itxasok, eta, horregatik, oposizioak San Markoko presidentzia kentzea erabaki du.
Juan Karlos Alduntzin Ingurumen diputatua zentsuratu zuten uda aurretik, eta orain Bilduk lurraldeko mankomunitateetan duen ordezkaritza bereganatu nahi dute.
Aurrerantzean, bada, Denis Itxaso izango da San Marko Mankomunitateko presidente berria, EAJren eta PPren babesarekin. Besteak beste, atez ateko bilketa “alde batera” utzi egingo dutela eta bosgarren edukiontziaren aldeko apustua egingo dutela iragarri du Denis Itxasok.
Gipuzkoako hondakinak kudeatzeko ardura Partzuergoaren esku dago, eta, biztanleen gehiengoa duten mankomunitateetako presidentzia aldatu arren, Partzuergoan Bilduk jarraitu du zuzendaritza lanetan, Diputazioak baitu bertan ordezkaritzaren herena.
Hori dela eta, Martin Garitano diputatu nagusiaren aurkako zentsura mozioa babesteko eskatu diote sozialistek EAJri. PPk mozio horrekin bat etorriko direla adierazi du ordezkari sozialistak.
Larraitz Ugarte Foru Aldundiko bozeramaileak erantzun du oposizioaren estrategia berri horrek ez diola hondakinak kudeatzeko moduari eragingo.