Krisi Ekonomikoa -
Krisia eurogunean
Espainiak behar dituen erantzunak urrian aurkitzea espero du Hollandek
Euroa salbatzeko planaren funtsezko hiru faseak mahai gainean jarri dituzte Frantziak eta Italiak.
Erredakzioa
Urriaren 18an eta 19an Europako agintariek egingo duten goi-bileran Greziak eta Espainiak behar dituzten irtenbideak aurkitu behar dituztela esan du astearte honetan François Hollande Frantziako presidenteak.
Mario Monti Italiako lehen ministroarekin bilera egin du Erroman, eta, hitzordu horren ondoren bi agintariek prentsaurrekoa egin dute elkarrekin. Europar Batasunak eta merkatuek herrialde bakoitzak egindako ahaleginak onartu behar dituztela esan dute, zorraren krisiari aurre egiteko. "Etxeko lanak egitea beharrezkoa dela ikusi dugu, baina, halere, ez da nahikoa, politika ekonomikoan aurrerapausoak ematen diren bakoitzean Europar Batasunaren eta merkatuen onarpena behar delako, arrisku sarian oztopoek jarraitu ez dezaten", esan du Montik.
Euroa salbatzeko planaren funtsezko hiru faseak
Bi buruak Erroman izan dira bi herrialdeetako Ekonomia, Kanpo Arazoetako eta Europako Gaietako ministroekin batera. Bileran, besteak beste, "Europako ekonomiak aurrerapausoak nola eman eta eurogunean egonkortasuna nola lortu" aztertu dituzte. Hollandek azaldu duenez, euroguneak hiru gai garrantzitsuri aurre egin behar dio: "Ekainaren 28ko eta 29ko Europako Kontseiluan hartutako erabakiak aplikatzea, Greziako eta Espainiako egoerari irtenbidea jartzea eta bankuen eta monetaren batasunean aurrera egitea".
Montik esan du gaur egungo egoera "itxaroten egotekoa" dela, "gauzek zein bilakaera duten" ikusteko.
Bi egun barru, Europako Banku Zentraleko Zuzendaritza Batzordea bilduko da, eta, bertan, herrialde batzuek duten zorra jaisteko, besteak beste, Italiak eta Espainiak, neurriak iragartzea espero da.
Doitze neurrien plana erabat betetzeko eskatu dio Alemaniak Greziari
Wolfgang Schäuble Alemaniako Finantza ministroak Yoannis Stounaras Greziako homologoari Europar Batasunarekin adostutako doitze plana erabat betetzeko eskatu dio. Egunotan, Europako Batzordeak, Nazioarteko Diru Funtsak eta Europako Banku Zentralak osatutako troika Grezian dago erreformen planean egiten diren aurrerapausoak aztertzeko.
Troikaren txostenak erabateko garrantzia du Greziak urrirako espero duen hurrengo diu-laguntza emateko.
Bestalde Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidentea Angela Merkelekin bildu da. Bertan, Greziaren eta krisian dauden beste herrialdeen egoera aztertu dute.
Van Rompuy François Hollande Frantziako presidentearekin bilduko da aste honetan bertan eta Andonis Samaras Greziako lehen ministroarekin.
Merkel Mariano Rajoyrekin bilduko da ostegunean, Madrilen.
EBZk zorraren merkatuetan esku hartuko du
Jörg Asmussen Europako Banku Zentraleko batzordearen kideak moneta erakundeak zorraren merkatuetan esku hartuko duela erdizka ikusten utzi du, interes motak asko jaistea ez delako iritsi herrialde batzuetara, besteak beste, Espainiara eta Italiara.
"Estatuko zorraren arrisku-sariek herrialde batzuen kaudimen falta islatzeaz gain aldaketa motaren arrisku bat ere erakusten dute, eta hori Moneta Batasun batean ezin da teorioki onartu", esan du Asmussenek Frankfurteko banku kongresu batean.