Ekonomia -

Erosketak aurreratu dira

Astebete eskas falta da BEZaren igoera gauzatzeko

Kontsumoak gora egingo du hurrengo egunetan, oinarrizko zenbait produktuen prezioa, eskolako materialarena barne, % 17rainoko igoera izango baitute.

Eskola-materialak izango du prezio igoerarik handiena. Argazkia: Photl.
BEZaren igoerak erosketak sustatu ditu

02:24

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astebete eskas falta da Gobernuak onartutako BEZaren igoera indarrean sartzeko. Helburua, diru-bilketa handitu eta Estatuko diru-kutxak betetzeko. Irailaren 1etik aurrera produktu gehienen prezioek gora egingo dute: tabakoa, alkohola eta kosmetikoak, esaterako, % 18ko BEZ izatetik % 21ekoa izatera pasatuko dira. Konpresak, tanpoiak eta animalientzako janarien BEZ ere igo egingo da, % 8tik % 10era.

Baina igoera handiena eskola-materialak jasango du, %4tik % 21era. Zinera eta antzokira joatea ere garestiagoa izango da, % 8tik % 21era, baita hileta-zerbitzuak ere. Ikasteak, ondo pasatzeak eta heriotzak eragindako gastuek egunerokoa garestituko dute.

Edertasunarekin lotutako guztiak ere gora egingo du, ileapaindegira joatea, adibidez, nabarmen garestituko da, BEZ %8tik % 21era igoko baita.

Museotara, liburutegitara eta arte-galeriatara joatean ere diru gehiago ordainduko dugu, eta garraioa erabiltzeak ere poltsikoa ohi baino gehiago hustuko digu (BEZ % 8tik % 10era igoko baita). Jatetxeek, osasun-produktuek eta lentillek %10 BEZ izango dute.

Iraila "beltza"

Izan ere, BEZ familien ekonomiari kalte gehien egiten dion hilean igoko da: irailean. OCU kontsumiltzaileen eta erabiltzaileen elkartearen hitzetan, igoerak "eragin handia izango du kontsumoan, batez ere familia askok pairatzen duten egoera zaila kontuan izanda, hilabetea igarotzeko arazoekin, soldata jaitsierekin, lanpostuen galerarekin eta langabeziaren igoerarekin".

Kontsumitzaileen elkartearen arabera, irailean kontsumoak atzera egingo du, "prezioak igotzen diren bakoitzean, jendeak gutxiago erosten duelako".

Egoera kontuan izanda, OCUk betiko gomendioei eusteko deia egin du: arduraz kontsumitzea, behar duguna bakarrik erostea, eta aurrekontu bat egitea bat-bateko erosketak saihestea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea