Krisi Ekonomikoa -

GREZIAKO KRISI EKONOMIKOA

Greziak 'arnasa hartzeko aukera ematea' eskatu du

Antonis Samaras lehen ministroak ez du herrialdearentzako laguntza ekonomiko gehiagorik nahi.

Andonis Samaras Greziako lehen ministroa. Argazkia: EFE
Grezia Krisia | Andonis Samaras: Greziak ez du diru gehiagorik nahi
Andonis Samaras Greziako lehen ministroa. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andonis Samaras Greziako lehen ministroak denbora gehiago eskatu du, “arnasteko aire gehiago”, “ekonomiari bultzada berria eman eta Estatuko diru-sarrerak handitzeko”, eta drakma monetara bueltatzearen ondorio katastrofikoez ohartarazi du.

“Utz nazazue argi esaten: ez dugu diru gehiagorik nahi. Baldintza guztiak betetzeko konpromisoa gure gain hartzen dugu”, adierazi du Samaras ministroak Bild egunkari alemaniarrean egindako elkarrizketan, Berlinera joan baino bi egun lehenago. Horren esanetan, “hazkundea bultzatu behar da, finantza-hutsuneak murrizteko”, eta azpimarratu du “denbora gehiago eskatzeak” ez duela esan nahi “diru gehiago behar dugunik”. Halaber, “inoiz ez dut eztabaidatu Greziaren zor berri bat barkatzeaz”, esan du.

Greziak eurogunea uztzi eta dracmara itzuliz gero, “Greziarentzako hondamendia” litzatekeela uste du Samarasek, “bost urteko atzeraldia” ekarriko lukeela eta “langabeziak %40tik gora” egingo lukeela aitortu du.

“Grezia odolusten ari da”, azpimarratu du lehen ministroak, eta gaineratu du azken hiru urteotan “bost aldiz txikitu” dela herrialdeko ekonomia. “Ongizate adierazleak heren bat jaitsi dira, pentsiodunek diru-sarreren bosten bat galdu dute eta gazteen erdia langabezian dago”, gaineratu du. Sakrifizioak ez dira alferrikakoak

Hala eta guztiz ere, “greziarrak egiten ari diren sakrifizioak ez dira alferrikakoak”, Samarasen hitzetan. “Kide guztiek zera jakin behar dute: gu, greziarrak, ahaleginak egiten ari garela eta lortu egingo dugula”, azpimarratu du.

“Arazoak etorkizun laburrean ditugu, baina itunei esker, gure finantziazioa datozen hiru urteetarako ziurtatuta dago”. Samarasen ustez, “berriro ekonomia azkar haztea, irabazi fiskalak hobetzea eta egiturazko erreformek ondorioak positiboak izatea” izango da erabakigarriena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea