Krisi Ekonomikoa -
Jaurlaritza
Atzerritar irregularrak artatzen jarraituko du Osakidetzak
Erroldatuta dauden legez kanpoko atzerritarrak sendatzen jarraituko dutela berretsi du Jaurlaritzak, nahiz eta erabaki horrekin Osasun arloko araudi berriarekin bat ez egin.
Erredakzioa
Osakidetzak erroldatuta dauden atzerritar irregularrak artatzen jarraituko duela berretsi du Jaurlaritzak, baita urtean 100.000 euro baino gehiago jasotzen duten lagunak ere. Erabaki honek, ondorioz, Espainiak Osasun arloan hartu berri duen neurria alde batera uztea ekarriko luke.
PSEren Gobernuak Rajoyren Gobernuaren osasun politika kritikatu du eta joan den larunbatean, Espainiako Aldizkari ofizialean argitaratu zen legedi berria, 16/2012 Errege Lege Dekretua, "Osasun Lege Orokorrak zaindu beharko lituzkeen oinarrien" aurka doala argudiatu du.
"Orain arte Osakidetzak normaltasun osoz artatzen zituen lagunak baztertzen ditu neurri berriak, besteak beste, bizileku txartela ez duten baina erroldatuta dauden atzerritarrak eta urtean 100.000 eurotik gora jasotzen dutenak", adierazi du Jaurlaritzak ohar baten bitartez.
Halaber, EAEko beste alderdi politikoak kritikatu ditu, erkidegoan "osasun murrizketak" ez ezartzeko nahikoa ez egiteagatik.Jaurlaritzak, "hasieratik koordainketaren aurkako jarrera izan du, ez ordea, PPk, EAJk eta Bilduk", ziurtatu du lehendakariak, izan ere, "Gobernatzen duten hiru Aldundiek, gizarte-segurantzari berehala herritarren zergen datuak" eman dizkietela adierazi du.