Krisi Ekonomikoa -
Krisia espainian
Montoro: '2013ko murrizketak oso mingarriak izango dira'
Ogasun ministroak ohartarazi du orain arte onartutako murrizketak "hasiera" baino ez direla izan.
Erredakzioa
Cristobal Montoro Espainiako Gobernuko Ogasun ministroak aitortu egin du murrizketa gehiago egingo dituztela 2013an, eta "oso mingarriak" izango direla, "murrizketen gainean egindako murrizketak" izango baitira.
Valores aldizkarian egindako elkarrizketa batean, Montorok adierazi du orain arte onartutako murrizketak "hasiera" baino ez direla izan.
"Argi dago defizit helburua bete egin beharko dugula", gaineratu du.
Ministroak azaldu duenez, "sektore pribatuak, gehienbat, etxeko lanak egin ditu jada, eta orain funtzio publikoaren erreforma gauzatu beharra dago".
Bestalde, Montorok esan du BEZaren igoerak eragina izango duela turismoan.
"Espainiarrek bezala, turistek ere Espainian kontsumitzen dute, eta BEZaren igoerak garestitu egiten ditu produktuak", zehaztu du.