Krisi Ekonomikoa -

Rajoyren murrizketak

Renfeko langileek 24 orduko greba egingo dute ostiral honetan

Pribatizazioaren aurka egiteko, greba gaueko 00:00etan hasiko dute eta 24 orduz 267 tren gutxiago ibiliko dira Estatuan (hiriarteko ibilbideetan 187 gutxiago).

Renfeko langileek greba egingo dute. Argazkia: EITB.
Renfeko langileek greba egingo dute. Argazkia: EITB.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Renfe, Feve eta ADIF tren zerbitzuetako langileek 24 orduko greba egingo dute ostiral honetan eta, ondorioz, normalean baino tren gutxiago izango dira bihar, bai aldiriko zerbitzuetan eta baita ibilbide luzeko bidaietan ere.

Pribatizazioaren aurka egiteko, greba gaueko 00:00etan hasiko dute eta 24 orduz 267 tren gutxiago ibiliko dira Estatuan (hiriarteko ibilbideetan 187 gutxiago).

Aldiriko trenei dagokienez, goizeko 6:00etatik 9:00etara zerbitzu minimoak % 60an ezarri dituzte. Ordu horietatik kanpo, % 42an. Abiadura handiko eta ibilbide luzeko bidaietan ere 80 tren gutxiago ibiliko dira ostiral hoNetan.

Bertan behera geldituko diren bidai guztien zerrenda Renferen web orrian ikus daiteke, baita 902320320 telefonora deituta ere.

Aldez aurretik erositakoak

Renfetik iragarri dutenez, aldez aurretik txartelak erosi dituzten bidaiariek ordainketa gehigarririk egin gabe alda ditzakete edo dirua itzultzea eskatu.

Sektorean ordezkaritza duten sei sindikatuk deitu dute biharko greba, Rajoyren Gobernuak ezarritako murrizketen aurka eta batez ere, tren sektorea pribatizatzearen aurka.

Euskal Autonomia Erkidegoan, tren sektoreak 1.530 langile ditu. Espainia osoan 30.000 langile zuzen eta, guztira, 100.000 lagun inguru tren sektoreari lotuta. Irailaren 17an ere, sindikatuek greba deitu dute tren sektorean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea