Krisi Ekonomikoa -
Loiolako San Ignacio
Euskadik ez ditu onartuko osasun, hezkuntza eta gizarte murrizketak
''Autogobernua defendatzeko lanean ari gara'', esan du Isabel Celaak Azpeitian, eta Gernikako Estatutua urratzen dituzten neurri guztien aurrean ''sistematikoki'' helegitea jarriko dutela iragarri du.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritza ''autogobernua defendatzeko lanean'' ari dela esan du asteazken honetan Isabel Celaa Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburu eta jarduneko lehendakariak. Halaber, Patxi Lopezen Gobernuak ''herrialde honetan erantzukizuna duen bitartean'' osasun, hezkuntza eta gizarte arloko murrizketarik onartuko ez dutela berretsi du. "Hezkuntza etorkizuna da, eta osasunak eta gizarte arloko politikek herritarren zerbitzura egon behar dute'', gaineratu du.
Hala, Gernikako Estatutua urratzen dituzten neurri guztien aurrean Jaurlaritzak 'sistematikoki' helegitea jarriko duela iragarri du Celaak, ''Rajoyren murrizketak indarrik gabe uzteko''. Ohar batean bidez eman du asmoaren berri, Loiolako San Ignazio ospatzeko ekitaldietan parte hartu ondoren.
Asteazken honetan Azpeitian izan da Celaa, Loiolako San Ignazio ospakizunak direla-eta bertako udalak erakundeei egindako harreran. Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia ere bertan izan da.
Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak emandako mezaren ondoren, sailburuak esan du ezin dela ''errege dekretu bidez gobernatu'', eta gaiak eztabaidatzearen eta adostearen alde agertu da.
Euskadi ''oso krisi sakonean murgilduta'' dagoela gogoratu du sailburuak. ''Ematen du gaixoa ez doala onera, eta ez dugu horizontea ikusten'', gaineratu du.
Baina, hala ere, ''Euskadin ohituta gaude egoera gogorrei aurre egitera'', Celaaren hitzetan.