Ekonomia -
Finantza krisia
De Guindosek baztertu egin du Espainiaren erreskate osoa
Arrisku sariaren igoerak "merkatuen irrazionaltasunen" ondorio direla esan du Ekonomia ministroak.
Erredakzioa
Luis de Guindos Ekonomia ministroak baztertu egin du Espainiaren erreskate osoa eskatzea, arrisku saria etengabe igotzen ari den arren.
Horren harira, arrisku sariaren igoerak "merkatuen irrazionaltasunen" ondorio direla adierazi du.
Ministroak kazetarien aurrean egin ditu adierazpenok, Kongresuko Ekonomia Batzordean bankuen erreskatearen inguruko azalpenak eman baino lehen.
Berriemaileek Estatuaren erreskate osoa baztertzen duen galdetu diote, eta hark "noski" erantzun du.
De Guindosek azaldu du merkatuetan "zalantzak" daudela, eta, ondorioz, jokaera "zentzugabeak" jasotzen ari direla.
Ministroaren esanetan, Gobernuak dagoeneko egin du egin behar zuena, erreformak onartzea eta bankuak onbideratzea kasu, eta orain egiteke dagoena "Gobernuen ahalmenetatik at dago".
"Irrazionaltasunak daude merkatuetan, urduritasun handiak [...]. Gobernuek ezin dute dena egin, beste ikuspuntu batzuk behar dira, ekintza zehatzak onartu", ohartarazi du, Europako Banku Zentrala (EBZ) zeharka aipatuta.
Ekonomia Batzordean, ministroak esan du merkatuen egoerak erakutsi egiten duela eurogunean erreformak behar direla.
Bankuen erreskatearen zehaztasunak
Kongresuko Ekonomia Batzordean, De Guindosek azaldu du bankuen erreskatearen interes tasa aldakorra izango dela, baino % 1,5 ingurukoa izango dela.
Laguntza bonutan edo esku diruan jaso ahalko dute, eta epe luzera itzultzekoa izango da, 12,5 urtera batez beste.
Halaber, "banku txarra" azaroan egongo dela indarrean aurreratu du.