Krisi Ekonomikoa -
2013rako iragarpena
Ekonomia % 0,5 atzeratu eta langabezia % 24an mantenduko da 2013rako
Aurreko iragarpen makroekonomikoek, apirilean egindakoek, BPGren % 0,2ko hazkundea aurreikusten zuten 2013rako.
Erredakzioa
Espainiako gobernuaren arabera, ekonomiak atzeraldian jarraituko du 2013an eta % 0,5 galduko du, aurreko helburu eta iragarpenak okertuz. Langabeziak zertxobait behera egin arren, % 24,3an mantenduko da.
Cristóbal Montoro ogasun ministroak adierazi duenez, aurreko iragarpen makroekonomikoek, apirilean egindakoek, BPGren % 0,2ko hazkundea aurreikusten zuten 2013rako. Rajoyk ordea aurreratu zuen egoerak beheranzko joera izango zuela.
2012ko datuak ere egokituak izan dira: batetik, BPGren jeitsiera bigunago bat espero da, %1,5ekoa eta ez % 1,7koa eta bestetik, langabezi tasaren okerrerako joera, % 24,6koa aurreikusten da eta ez iragarri zen % 24,3koa.
“Zorrostasun eta errealismoa”
Soraya Saenz Santamaria Gobernuko presidenteordeak hurrengo urteetan erabiliko duten marko ekonomikoa “zorrostasunetik eta errealismotik” onartu dutela azaldu du, Ministro Kontseiluaren ondoren egindako prentsaurrekoan.
Azaldu duenez, hurrengo astean aurkeztuko dute Diputatuen Kongresuan, eta horren ostean Senatura eramango dute.
Neurri multzoa
Presidenteordeak, Gobernuak azken astean onartutako neurri multzoa bi euskarri ukaezinetan oinarritu dituela gogorarazi du: alde batetik, lehiakortasunean irabazteko beharrezkoa den defizitaren murrizpen eta egitura-erreforman, eta, beste aldetik, lanpostuen sorkuntzan.
Saenz de Santamariak egoera “zail” batean onartutako “neurri zailak” direla berretsi du. Gainera, Gobernuak neurri horiekin ados ez daudenak errespetatzen dituela aipatu du, baina krisitik irtetzeko “beharrezkoak diren neurriak hartzea” besterik ez dagoela ohartarazi du, ezer ez egitearen jarrerak eraman duelako Espainia gaur egungo egoerara.