Krisi Ekonomikoa -

Neurri berriak

CCOOk eta UGTk murrizketen aurkako protestak deitu dituzte gaurko

Gobernuak defizita murrizteko aurkeztu dituen azken murrizketak langileen, langabeen eta funtzionarioen eskubideen aurkako "eraso bortitza" direla uste dute sindikatuek.

Rajoyren murrizketen aurkako funtzionarioen protesta, Madrilen. Argazkia: EFE
Rajoyren murrizketen aurkako funtzionarioen protesta, Madrilen. Argazkia: EFE
Rajoyren murrizketen aurkako funtzionarioen protesta, Madrilen. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sindikatuek Gobernuaren neurri ekonomikoen aurkako protestak egitera deitu dituzte herritarrak, Estatuko 80 herri eta hiritan baino gehiagotan. Dagoeneko, gizartearen sektore batzuen eta sindikatu batzuen erantzuna jaso dute murrizketek, eta horien aurkako plataforma batua sortzen ari dira. Oraingo honetan, leloa "Herrialdea suntsitu nahi dute, eragotzi egin behar dugu, gehiago gara" izango da.

CCOO eta UGT sindikatuek deitu dituzte gaurko manifestazioak eta kontzentrazioak, eta herritarrek protestatzeko "bidea" izan nahi dute. Gainera, CSI-F funtzionarioen sindikatuak, Lanaren Konfederazio Orokorrak (CGT) eta Langileen Sindikatuen Batasunak (USO) ere deialdiarekin bat egin dute.

Sindikatuen aburuz, Mariano Rajoyren Gobernuak onartu dituen azken neurriak (BEZa igotzea, funtzionarioei Gabonetako aparteko ordainsaria kentzea eta langabeei diru-laguntzak murriztea, besteak beste) langileen, langabeen eta funtzionarioen aurkako "eraso bortitza" da.

Madrileko protesta 20:30ean aterako da, Neptunotik, eta Puerta del Solen amaituko da. Bertan, Ignacio Fernandez Toxo eta Candido Mendez CCOO eta UGT sindikatuetako idazkari nagusiak izango dira.

Kongresuak, gainera, Gobernuaren neurri berriak baliozkotu ditu, horien artean BEZaren igoera, langabeentzako laguntzen jaitsiera eta likidezia autonomikoaren mekanismoa, besteak beste.

Bestalde, funtzio publikoko sindikatu guztiak bilduko dituen bilera bat egingo dute gaur, eta, ziur asko, funtzionarioen grebarako eguna zehaztuko dute (dirudienez, irailaren amaiera aldera izango da).

CCOOk eta UGTk ez dute berriz ere greba orokorra egitea baztertu, eta gaurko manifestazioak erabaki hori hartu aurretik egoera aztertzeko modua izango direla azaldu dute. Sindikatu abertzaleek ere greba orokorra baztertzen ez dutela iragarri zuten, asteartean egin zituzten protestetan.

LABek eta ELAk gaur iragarriko dituzte hurrengo mobilizazioak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea