Krisi Ekonomikoa -
Oposizioa eta gizarte agenteak
Andrea Fabraren jarrera 'kritikagarria' dela onartu du Cospedalek
PPko idazkari nagusiak azaldu duenez, Gobernua "Espainia erreskatatu ez dezaten egin behar duen guztia ari da egiten", baina "batzuek erreskate hori nahi izatea" kritikatu du.
Erredakzioa
Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiaren ustez, Andrea Fabra alderdikide eta diputatuaren jarrera “kritigarria izan daiteke”, baina aldi berean, “jarrera hori eragin zuten portaerak” ere kritikatu behar direla nabarmendu du.
“Diputatu, parlamentari, senatari zein beste ordezkari publikoek izan ditzaketen portaerak kritikagarriak izan daitezke askotan. Castellóko diputatu horren kasua kritikagarria da, baina portaera hori sorrarazi zuten beste talde batzuen jarrera ere”, adierazi du Cospedalek.
Espainia ez interbenitzeko, laguntza eske
"Gobernuak esfortzu handia egin du eta egiten ari da. Gainera, alderdiei eta gizarte agenteei eskua luzatu die gure herrialdeari laguntzeko eta atzeralditik ateratzeko", esan du Cospedalek PPren egoitzan eman duen prentsaurreko batean.
Cospedalek esan duenaren arabera, Mariano Rajoyren Exekutiboa egiten ari den "erantzukizun ariketa" alderdiaren "ideia politikoen " aurkakoa da, baina krisitik ateratzeko "guztiz beharrezkoa". "PPk Espainiako Gobernua babesten du; izan ere, neurri gogorrak, baina beharrezkoak ezartzen ari da", azaldu du Cospedalek, eta herritar guztien laguntza eskatu du.
Ibexeko enpresei "esfortzua" eskatu diete
Luis de Guindos Ekonomia ministroak eskaria egin die Ibexeko enpresa espainiarrei, zuzendaritza eta administrazio kontseiluetako goi-kargudunen soldatak murriztu, eta, horrela, "krisia dela eta" beste kolektibo batzuk egiten ari diren ahalegin "mingarriekin" bat egiteko.
Ministroaren esanetan, egungoa bezalako "une zailetan" behar-beharrezkoa da "murrizketen karga konpartitzea", krisiaren irtenbidea bideratzeko. Zergen igoeraren eta administrazio kontseiluetako kideen eta zuzendarien soldaten murrizketaren bitartez, esfortzua egiteko eskatu die funtzionarioei eta herritarrei De Guindosek.