Krisi Ekonomikoa -
Liberalizazioa
Urte osoan zehar beherapenak egiteko aukera izango dute saltokiek
Aurrerantzean, gainera, 10 igande eta jaiegunetako irekitzeko aukera izango dute. Astean zehar, gainera, 90 orduz ireki ahal izango dute.
Erredakzioa
Urte osoan zehar beherapenak egin eta 10 igande eta jaiegunetako irekitzeko aukera izango dute aurrerantzean saltokiek. Halaber, turismo handia duten hirietako gune zehatz batzuetan ordutegiak liberalizatu dituzte, tartean Bilbon. Hala jasotzen du ostiral honetan Ministroen Kontseiluak onartu duen errege lege dekretu berriak.
Orain arte, urtean bi aldiz bakarrik egin ahal zituzten beherapenak: urte hasieran eta udako oporrekin bat eginez. Gutxienez astebete eta gehienez bi hilabete iraun behar zuten. Hori oinarri hartuta, erkidego bakoitzak zehazten zuen merkealdi egutegia.
Orain, berriz, ''kontsumitzaileen eta saltokiaren interesen arabera'' erabaki ahal izango dute merkatariek beherapenak noiz egin. Hori bai: aurtengo udako merkealdia errespetatu egin beharko da.
Halaber, beherapenak beste promozio batzuekin elkartu ahal izango dituzte, eta produktu bat merkatu baino lehen ez da beharrezkoa izango denbora tarte jakin batean salneurri iraunkor batekin mantendu izana.
Jaiegunak eta igandeak, 8tik 10era
Iragarri bezala, saltokiek irekitzeko aukera duten igande eta jaiegun kopurua igo egin du Gobernuak, zortzitik hamarrera. Lanegunetako gehienezko ordu kopurua ere luzatu du Rajoyk: 72 ordutik 90 ordura. Halaber, eta ordutegi askatasun osoa eman diete 300 metro karratu baino gutxiago duten saltokiei.