Krisi Ekonomikoa -
Rajoyren murrizketak
Irailean igoko dute BEZ zerga
Ileapaindegiek, ikuskizunek, hileta zerbitzuek eta betaurreko eta lentillek % 13 egingo dute gora. Urte osoan beherapenak egin ahal izango dira, eta 6.000 milioi bideratuko ditu Loteriak erkidegoetara
Erredakzioa
Cristobal Montoro Ogasun ministroak iragarri duenez, BEZ zergaren igoera irailaren 1ean izango da, beharrezko denbora eskaini eta jarduera ekonomikoari kalterik ez egiteko.
Hori horrela, badirudi atzeratu egingo dela BEZ zergaren ezarpena, izan ere, datorren astelehenean bertan edo abuztu hasieran ezarriko zela zabaldu zen.
Ministroen Kontseiluaren ostean emandako prentsaurrekoan ministroak azaldu duenez, BEZ zergaren tipo orokorra % 18tik % 21era igoko da eta murriztua % 8tik % 10era. Oinarrizko elikagaiei dagokien BEZa, berriz, bere horretan utziko dute, % 4an, "gizartea bereziki ez kaltetzeko".
Garraioak, ostalaritzak, turismoak eta elikagai gehienek, edari freskagarriak barne, BEZ murriztuaren atalean jarraituko dute. Aldizkarietan eta egunkarietan ere % 10eko BEZa ordainduko dugu. % 21eko atalean izango dira aurrerantzean ileapaindegi eta estetika zerbitzuak, diskotekak, hileta zerbitzuak eta ikuskizunak (antzokiak, zinema, kirol ikuskizunak, kontzertuak, museoak eta zoologikoak, besteak beste). Betaurrekoen eta lentillen zerga ere igo egingo da.
Gainera, Montorok gogorarazi du 2013ko urtarrilaren 1ean desagertu egingo dela etxea erosteagatik ematen zuten kenkaria, eta etxebizitza berria erosteko, orain arte BEZa % 4koa bazen, ordutik aurrera % 10ekoa izango da.
Erreforma planaSoraya Saenz de Santamaria Gobernuaren bozeramaileak esan du herritarrek "sakrifizio handiak" egin beharko dituztela zerga alorrean hartu dituzten neurriei aurre egiteko, baina "historiako momentu zailenetako, dramatikoenetako eta mingarrienetko batean" daudela kontuan izateko eskatu die herritarrei.
Ministroen Kontseiluak erreforma plan bat onartu du. Horren arabera, 20 lege berri jarriko dituzte martxan aurten bertan.
Santamariak Luis de Guindos Ekonomia ministroa eta Montoro izan ditu aldamenean Ministroen Kontseiluak gaur onartu dituen neurriak azaltzeko. Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak 65.000 milioi euroko murrizketak iragarri eta 48 ordura onartu dute plana.
Saenz de Santamariarentzat neurriak "ez dira errazak", izan ere, "egoera zailean dauden herritarrei sakrifizio handiak egiteko eskatzen ari gara Espainia aurrera ateratzeko".
Hori dela eta, zergaren igoera aipatu du "kontu publikoen zuloa estaltzeko erremedio bakar" gisara.
Funtzionarioek libre xedatzeko hiru egun galduko dituzteFuntzionarioek orain arte zituzten libre xedatzeko sei egunetatik hiru galduko dituzte, eta antzinatasunagatik jasotzen zituzten hiru egun libreak ere galduko dituzte, Montoro ministroak azaldu duenez.Zinegotzien murrizketa eta udalerriei kontrolaZinegotzien zenbatekoa % 30 murriztuko dutela berretsi du Montorok, joan den asteazkenean Rajoy presidenteak iragarri bezala. Halaber, zerbitzu publikoen azterketa Ogasun Ministerioaren esku geldituko da, eta gertutik jarraituko dituzte 20.000 biztanle baino gutxiagoko udalerriak. Zerbitzuen kalitatea betetzen ez badute, diputazioen esku geratuko dira zerbitzuok.Hala, maila txikiko zerbitzuen ''kudeatzaile zentralizatzaile'' izango dira aurrerantzean diputazioak.18.000 milioi erkidegoentzat, herena Loteriak emandaErkidegoak finantzatzeko martxan jarriko den funts berriak 18.000 milioi euro izango ditu, eta zenbateko horren herena Loteriatik helduko da. Gainontzekoa, Altxorrak bideratuko du. Erregearen hitzakErregeak parte hartu du Zarzuelako Ministroen Kontseiluan eta "oinarrizko"tzat jo du "interes orokorraren eta espainiar guztien onuraren" alde lan egitea eta "ekonomiaren susperalditik kanpo" inor ezin dela geratu gogorarazi dio Gobernuari. Juan Carlosek esan du "bereziki gazteekin" akordatzen dela, horiek baitira "egunero langabezia" pairatzen dutenak.