Krisi Ekonomikoa -
Murrizketak
300 funtzionario Kongresu aurrean batu dira murrizketen aurka
Poliziako agenteek manifestariak beste toki batera eraman dituzte, horiek “zuek ere funtzionarioak zarete” edo “gaizkileak zuen bizkarrean daude” oihukatzen zuten bitartean.
Erredakzioa
Mariano Rajoy Gobernuko presidentea Zorrilla kaletik irten behar izan da Kongresutik, eta ez San Jeronimo kaletik, ohikoa den bezala. Maniobra hori Behe Ganbera aurrean funtzionarioek murrizketen aurka egindako manifestazioa ekiditeko xedearekin egin du.
Eguerdiko ordu biak aldera, Kongresu inguruan dauden eraikin ofizialetako 300 funtzionario inguru Gorteen Jauregi aurrean dagoen San Jeronimo kalean batzen hasi dira, nahiz eta, legez, Kongresua batzartuta dagoenean ezin daitekeen bertan kontzentratu.
Funtzionarioetako batzuek azaldu dutenez, lanpostuetan zeudela kontzentrazio espontaneoan parte hartzeko mezu elektronikoak jasotzen hasi dira, eta ahoz ahokoaren bitartez deialdia zabaltzen hasi diren heinean jende gehiago bertaratzen hasi da.
"Ali Babaren kobazuloa"
Bertaratutako agenteek Gorteen plazara arte eraman dituzte manifestariak, , istilurik gabe, horiek "zuek ere funtzionarioak zarete" eta "gaizkileak zuen bizkarrean daude" oihukatzen zuten bitartean. Gutxika, kontzentrazioa desegin egin da.
Dena den, iraun duen bitartean, funtzionarioek "Administrazioa gelditu", "Hor dago Ali Babaren kobazuloa" eta "Mariano, dimisioa" leloak oihukatu dituzte, besteak beste.