Ekonomia -

Eurotaldeak

2014ra arte luzatuko diote Espainiari defizita zuzentzeko epea

Azken bi asteotan, etengabe aritu dira negoziatzen, Madrilen, Espainiako agintariak eta Europako Batzordeko adituak.

Eurotaldeak Espainiako bankuen erreskatearen baldintzak adostuko ditu. Argazkia: Efe
Eurotaldeak Espainiako bankuen erreskatearen baldintzak adostuko ditu.
Eurotaldeak urtebete gehiago emango dio Espainiari defizita zuzentzeko

01:09

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euroguneko Ekonomia ministroek urtebete gehiago emango diote Espainiari defizita zuzentzeko. Horren ondorioz, Espainiak 2014. urtera arteko epea izango du helburu duen defizita (Barne Produktu Gordinaren % 3) betetzeko.

"Espainiako agintariek 2014 bukatu aurretik zuzendu beharko dute gehiegizko defizita", dio Euroguneko Ekonomia ministroek astelehen honetan eztabaidatu duten dokumentuak.

Adostasuna lortzekotan, astearte honetan onartuko du Ecofinek epea luzatzea.

Hitzarmen horren arabera, Espainiak % 6,3n kokatu beharko du 2012ko defizita, % 4,5en 2013koa eta % 2,8n 2014koa.

Aste erabakigarria

Aste hau erabakigarria izango da ekonomiarentzat. Garrantzi handiko hainbat erabaki hartuko dituzte bai Europan bai Espainian.

Eurotaldeak bilera abiatu du astelehen honetan Espainiako banketxeen erreskatearen baldintzak zehazteko. Espainiako banketxeek ehun mila milioi euroko mailegutik dirua jasotzeko bete beharko dituzten baldintzak zehazteko helburua du batzar horretan Eurotaldeak.Diplomazia iturriek jakitera eman dutenez, Euroguneko finantza ministroek baldintzen txostena eztabaidatu dute arratsaldean zehar. Beste gai batzuk jorratzeko, albo batera utzi dute Espainiaren egoera, eta, gaualdean, berriz ere ekin diote gaiari.Oraindik ez dute baldintza horien inguruko daturik plazaratu, baina Bruselatik iritsi diren berriek diote gogorrak izango direla, eta banketxe guztiek % 9ra igo beharko dutela kalitate goreneko aktiboen kopurua.

Horrez gain, defizit helburua betetzeko epea luzatu ala ez erabakiko du Eurotaldeak. Horren arabera erabakiko du Mariano Rajoyren Espainiako Gobernuak zenbat eta nondik murriztuko duen.

Murrizketak

Asteazkenean datu horrekin joango da Kongresura Rajoy, eta Europako Kontseiluko goi-bileran onartutako erabakiak azaltzearekin batera, murrizketen ingurukoak aurreratuko ditu. Mahai gainean daude BEZ zerga igotzea, etxebizitza erostegatik dagoen kenkaria desagertzea, eta funtzionarioen soldata jaistea.

Ostegunean zerga politika koordinatzeko kontseilua egingo da, eta bertan aurrekontuak murrizteko eskatuko die Gobernuak autonomia erkidegoei.

Ostiralean, ministro kontseiluan, zorraren muga ezartzearekin batera, murrizketa berriak eta administrazioaren erreforma onartuko dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea