Ekonomia -
Botiken koordainketa
Bengoa: 'Epaiak kontrakoa esan ezean, ez dugu koordainketa aplikatuko'
Gobernuak martxan jarri duen koordainketa baino, "aurrezteko beste era batzuk" daudela esan du Osasun sailburuak.
Erredakzioa
Espainiako Gobernuak martxan jarritako botiken koordainketa soilik Konstituzionalak "behin-behinekoz" euskal dekretua baliogabetuz gero ezarriko litzateke Euskadin Rafael Bengoa Osasun sailburuak adierazi duenez.
Jaurlaritzaren dekretua defendatu du Bengoak Radio Euskadin. Era honetan, pentsiodunek, diru-laguntzarik jasotzen ez duten langabeek eta diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenek ez dute ordaindu beharko.
"Aurrezteko beste era batzuk daude", adierazi du Bengoak. Igande honetan indarrean sartu diren koordainketa neurriak, Auzitegi Konstituzionalak "behartuz" gero soilik aplikatuko direla Euskadin azaldu du; "behin-behinekoz, gure dekretuak edo Errege Dekretuak irabazten duen erabaki arte, agian horrek denbora beharko du eta". "Egoera horretan soilik aplikatuko litzateke", azpimarratu du.
Jaurlaritzak jasotako kritikak salatu ditu, eta ildo honetan, "defizitaren irizpideekin bat egin ezean soilik ulertuko nituzke", adierazi du. Koordainketarekin lortzea espero duten 30 edo 32 milioi euroak EAEk beste gai batzuetan aurreztuz lortzen duela gaineratu du.
Botiken zerrenda eguneratzea
Azkenik, Ministerioak egindako botiken zerrenda"errepasatzen" ari direla berretsi du Euskadin ezarriko duten ala ez ikusteko. Sailburuaren arabera "ona" da zerrenda eguneratzea, baina Ministerioak proposatutako 423 botikak "ez dira arreta handiz aztertu".
Osasun Sistema Nazionaleko lurraldearteko kontseilua kritikatu du Bengoak, "horrelako erabakiak era horretan hartzea ez da erreala". "Dagoeneko ezin dugu esan talde bat garela", adierazi du eta erkidegoak kontuan hartu gabe "ez zaio osasun sistemaren jasangarritasunari irtenbidea emango".