Ekonomia -
murrizketak osasun arloan
Estatuak erkidegoetan 'esku hartu' nahi duela ohartarazi du Bengoak
Osasun sailburuak ez du aurreratu Euskadin ere finantziazio publikotik 400 sendagai kenduko dituzten.
Erredakzioa
Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak adierazi du Espainiako Gobernuak osasun arloan egin nahi dituen murrizketak "Estatuak erkidegoetan esku hartzeko lehen urratsa" direla.
"Presa daukate, Europak Estatuan esku hartuko duelako, eta, ondorioz, Estatuak erkidegoetan esku hartu nahi du, araudiaren arabera eskuduntzak gureak badira ere. Hori hasiera baino ez da, zer gertatuko da sei hilabeteren buruan?", galdetu du.
Bengoak prentsaurrekoa eskaini du gaur Bilbon, atzo erkidegoetako eta Espainiako Gobernuko Osasun arduradunek egindako bileraren edukia azaltzeko. Batzar horretan, sendagaien koordainketa eta finantziazio publikotik aterako dituzten sendagaien zerrenda hartu zituzten hizpide.
Sailburuak azaldu duenez, Jaurlaritza bi arrazoi direla eta dago murrizketon aurka: eskuduntzak urratzen dituztelako eta "herritarrei kosk egitea"ren aurrean beste irtenbide motak bilatu behar direlako.
Bengoak salatu du Gobernu zentralaren neurriak "bidegabeak eta okerrak" direla, eta erkidego batzuek Euskadi "insolidario" dela esan eta gero, Jaurlaritzak "neurriak pairatuko dituzten pertsonekin" izan behar duela solidario erantzun du.
Rajoyren Gobernuak finantziazio publikotik 400 sendagai inguru kenduko dituela eta, sailburuak esan du "ideia ona" dela noizean behin zerrenda berrikustea, baina betiere "irizpide zientifikoak oinarri".
"Ez dugu parte hartu zerrendaren prestaketan, eta aztertu egin behar dugu". Horrenbestez, ez du aurreratu nahi izan neurria Euskadin ere ezarriko duten.