Ekonomia -

Kontrol saioa

Rajoyk EBri: 'Espainia ezin da finantzatu prezio hauekin'

Espainiako Gobernuko presidenteak indarrean dauden "mekanismoak" erabiltzeko eskatuko dio EBri, merkatuak baretzeko.

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea. EFE
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea. EFE
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak merkatuak egonkortzeko neurriak eskatuko dizkio ostegun honetan Europar Batasunari (EB). Izan ere, egungo prezioekin, herrialdea ezingo dela "denbora luzez finantzatu" eta ekonomia ezingo dela "hazi" ohartarazi du.

Rajoyk Diputatuen Kongresuan egin du adierazpena, Gobernuaren kontrolerako saioan, Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiak eta Josu Erkoreka EAJko bozeramaileak egindako galderei erantzunda. Hain zuzen ere, Europako Kontseiluak bihar eta etzi egingo duen goi-bilerara Espainiak zer jarrera eramango duen galdetu diote.

Hori horrela, gobernuburuak azaldu du une honetan garrantzitsuena finantziazioa dela, eta, horrenbestez, EBri indarrean dauden "mekanismoak" erabiltzea eskatuko dio, merkatuak baretzeko. Dena dela, ez du zehaztu Europako Banku Zentralak esku hartzea edota erreskate funtsa zor nazionalei eta bankuei laguntzeko erabiltzea eskatuko duen.

"Larriena finantziazioa da. Une honetako prezioekin, ezin izango gara luzez finantzatu; hainbat erakundek eta bankuk ezin dute merkatuetara jo", nabarmendu du.

Espainiako Gobernuko presidenteak espero du banku batasunerako bidean "urrats inportanteak" egitea goi-bileran, euroa "atzeraezina" den mezu "argia" eman behar baitute.

Bestalde, Rubalcabak adierazi du goi-bilera "giltzarria" izango dela, hazkunde eta enplegu plan bat aztertuko baitute, berak nahi bezala.

Buruzagi sozialistak babesa agertu dio Rajoyri goi-bilerari begira, eta jarrera bateratua Europako Alderdi Sozialistaren barruan ere defendatzeko konpromisoa agertu du.

Erkorekak azpimarratu egin du Angela Merkel Alemaniako kantzelariak ere uste duela orain ekonomia sustatzeko neurriak beharrezkoak direla.

Horren ildotik, "hitzetatik ekintzetara" pasatzeko eta ekonomiaren hazkundea sustatzeko neurri zehatzak aurkezteko dei egin dio Rajoyri.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea