Ekonomia -

Bilera Erroman

Hazkunde plana hitzartu dute Merkelek, Hollandek, Montik eta Rajoyk

Hazkundea bultzatzeko, 130.000 milioi euroko plana jarri nahi dute abian, eta hilaren 28an eta 29an aurkeztuko dute, Europako Kontseiluan. Bilera hori prestatzeko Erroman bildu dira lau agintariak.

Hazkunde plana hitzartu dute Merkelek, Hollandek, Montik eta Rajoyk. EFE
130.000 milioi euroko plana adostu dute Merkelek, Hollandek, Montik eta Rajoyk

01:33

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alemaniak, Frantziak, Italiak eta Espainiak 130.000 milioi euroko hazkunde plana abiatzea adostu dute ostiral honetan, Erroman. Hilaren 28an eta 29an, Europako Kontseiluan, aurkeztuko dute plan hori, Mario Monti Italiako lehen ministroak iragarri duenez.

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarekin, François Hollande Frantziako presidentearekin eta Mariano Rajoy Espainiako presidentearekin batera egin du agerraldia Montik, Italiako hiriburuan egin duten bileraren ondoren.

"Ekonomia suspertzeko neurriak aurkeztuko ditugu Europako Kontseiluan. Inbertsioak piztu, enplegua sustatzearen aldeko apustua egin eta Europaren lehiakortasuna bultzatu nahi dugu. Europan merkatu bakarraren alde ere egin nahi dugu'', esan du Montik.

Euroaren aldeko apustua

Bilera horretan, euroaren atzeraezintasunaren aldeko apustu garbia egin dutela esan du Mariano Rajoy presidenteak. "Europarrok martxan jarri dugun proiekturik garrantzitsuena da euroa, eta horren aldeko apustu garbia egin dugu gaur'', esan du.

"Euroaren alde egin behar dugu, datozen hamar urteetako erronkei aurre egiteko gai izan dadin'', esan du Merkelek. ''Itun fiskala landu ondoren, hazkundearen eta enpleguaren gaiei indar handiagoz egin behar zaie orain aurre'', gaineratu du.

François Hollande Frantziako presidenteak, bestalde, merkatuei konfiantza eman eta espekulazioari aurre egiteko Europar Batasunak bere esku dituen mekanismo guztiak erabiltzearen alde egin du.

Erroman adostutakoa ''helburu ona'' dela esan du, eta horrekin ''koherentzia eta elkartasun seinalea'' igorri nahi dutela esan du.

Finantza salerosketen tasa

Finantza salerosketetan Europa mailan tasa bat ezartzearen alde egin du Merkelek, Espainiarekin, Italiarekin eta Frantziarekin batera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea