Ekonomia -
Legebiltzarrean
Patxi Lopezek %1,5eko defizita bermatu du zorren igoera EAJri egotzita
Lehendakariaren hitzetan, Jaurlaritzak ez du baimendutako zorra "euro batean ere" handitu, legegintzaldiaren hasieran izan ezik, EAJren gobernuak utzitako "desoreka itzela"ren ondorioz.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak aurtengo defizita % 1,5ean uztea lortuko duela bermatu du Patxi Lopez lehendakariak . Hala ere, erkidegoak duen zorraren zati handi bat Juan Jose Ibarretxeren exekutiboari egotzi dio.
Adierazpenok PPko Anton Danboreneak legebiltzarkideak egindako galderari erantzuteko egin ditu lehendakariak, izan ere, azken urteetan zorrak "hazkunde esponentziala" izan duela leporatu dio Danboreneak, eta hazkunde hori ohiko gastuek sortutakoa izan dela egotzi dio, eta ez inbertsioek eragindakoa.
Patxi Lopezek azpimarratu egin du Jaurlaritzak ez duela baimendutako zorra "euro batean ere" handitu, legegintzaldiaren hasieran, 2009an, izan ezik. Orduan Gobernuak aurrekontuen 2.600 milioi euroko "desfaseari" aurre egin behar izan zion, EAJren Gobernuaren benetako diru-sarreren eta aurreikusitakoen arteko aldeari aurre egiteko.
Diru-laguntzak bankueiEspainiako bankuei emango dizkieten diru-laguntzei dagokienez, lehendakariak esan du "laguntza horiek familiei laguntzeko eta enpresak finantzatzeko baldintzekin eman beharko liratekeela". Horren harian, laguntza horiek higiezinen operazioen zuloa diru publikoarekin ordaintzea bazterti du, "batez ere etxea ordaindu ezin dutenak etxe gabe uzten dituztenean".
Patxi Lopezek emandako datuen arabera, Familien Gainzorpetzeari aurre egiteko Jaurlaritzaren zerbitzuak 364 dei jaso ditu, 107 elkarrizketa egin eta horien ondorioz 59 txosten bete dituzte. Azkenik lau desjabetze-prozesu bertan behera geratu dira zerbitzuak proposatutako balizko konponbideak aztertu arte.