Ekonomia -

Gobernuaren kontrol saioa

Montoro: 'Espainiak ez du erreskaterik beharko, erreformak mantenduta'

Ministroaren ustez, Europarentzat ''ezinezkoa'' litzateke Espainiaren balizko erreskatea ordaintzea. Ostegun honetan bertan zehaztu liteke bankuen erreskatearen zenbatekoa.

Cristobal Montoro, Kongresuan. EFE
Cristobal Montoro, Kongresuan. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Cristobal Montoro Ogasun eta Administrazio Publikoetako ministroaren hitzetan, bankuen sektoreari zuzendutakoaz gain, Espainiak ''ez du inongo erreskaterik beharko, erreformekin jarraitzen baldin badu''.

Kongresuari egindako kontrol saioan, Europarentzat Espainiaren balizko erreskatea ordaintzea ''oso garestia'' izango litzatekeela esan du Montorok. Ondoren, adierazpenak zuzendu eta ''ezinezkoa'' litzatekeela esan du.

Halaber, Espainiako banku-sistemari laguntzeko eskatutako 100.000 milioi euroko mailegua erreskatea dela ukatu du berriz ere ministroak.

Bankuek behar duten laguntza

Ostegun honetatik aurrera zehaztu ahal izango da bankuei laguntzeko eskatuko den behin betiko zenbatekoa, Roland Berger eta Oliver Wyman aholkulari independienteek egin duten balorazioaren emaitzak jakin ondoren.

Sektoreak 60.000 eta 70.000 milioi euro bitarteko laguntza beharko duela aurreikusi dute merkatuek, Nazioarteko Diru-Funtsak egindako 40.000 milioi euroko aurreikuspenetik urrun.

Rajoyren agerraldia

Bankuen erreskatearen baldintzak azaltzeko, Mariano Rajoy presidenteak Kongresuan agerraldia egitea eskatu du Soraya Rodriguez PSOEko bozeramaileak. Haren hitzetan, Espainiako herritarrek eskubidea dute ''100.000 milioi euroko hipotekaren xehetasunak'' ezagutzeko.

Era berean, epea ahalik eta luzeena eta interesa ahalik eta baxuena lortzeko ahalegina egitea eskatu dio Montorori.

Bankuek jasoko duten laguntza horri jarraipena egiteko Kongresuan batzorde berezia sortzea ere eskatu du diputatu sozialistak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea