Ekonomia -
Goi-bilera Mexikon
Eurotaldeari erreskatea aste honetan eskatzeko asmoa du Espainiak
Espainiako Gobernua Eurotaldearekin 100.000 milioi eurora iritsi daitekeen maileguaren inguruko baldintzak negoziatzen ari da bankuak onbideratzeko.
Erredakzioa
Espainiako Gobernua Eurotaldearekin 100.000 milioi eurora iritsi daitekeen maileguaren inguruko baldintzak negoziatzen ari da bankuak onbideratzeko. Herritarren zorran ahalik eta gutxien eragitea espero du, eta eskaera aste honetan formaltzeko asmoa du.
Espainiako Gobernutik hori jakinarazi dute, G20ak Espainiari eman beharreko laguntza ahalik eta azkarren azaltzeko eskatu ostean, Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren arabera.
Gobernuaren arabera, Espainia lehenengoa da laguntza izapidetzea azkartzea nahi duena, baina horretarako memoranduma negoziatzen ari dira.
G20ak erreskatearen xehetasunak argitzea eskatu dio Espainiari
Espainiako bankuei emango zaien laguntza G20ko goi-bilera hizpide izan da, eta buruek Espainiari argitasuna eskatu diote funtsak nola eta noiz eskatuko dituzten argitzeko, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak azaldu duenez.
Kantzilerrak esan duenez, beharrezkoa da laguntza eskaera lehenbailehen formaltzea. Halaber, Espainiak bileran "laster egingo duela eskaera" esan duela azaldu du.
Merkelen hitzetan, herrialdeek "adostasuna" erakutsi dute Espainiak Europako laguntza jasotzearen inguruan kanpoko txostenen xehetasunak jakiten diren unean. Txosten horiek Espainiako bankuen kreditu-zorroari buruz eskatutakoak dira.
Kapitalaren defizitarekin lan egiten duten erakundeak ekonomiarentzako eta merkatuen egonkortasunerako "arrisku" bat direla esan du Merkelek.
Eurotaldeak duela hamar egun Espainiako Estatuari 100.000 milioi eurora iritsi daitekeen kreditua ematea adostu zuen bankuak onbideratzeko.