Ekonomia -
'Haserre eta minduta'
Confebaskek hauteskundeak aurreratzea eskatu ez duela esan du Lujuak
Confebaskeko presidenteak azaldu duenez, gaur egungo krisi ekonomikoan erabakiak "laster" hartu behar direla esan zuen eta, horretarako, "gobernu sendoa" behar dela.
Erredakzioa
Miguel Angel Lujua Confebaskeko presidenteak azaldu duenez, Confebaskek ez du Euskal Autonomi Erkidegoko hauteskundeak aurreratzea eskatu. Gainera, aurreko astean egin zituen adierazpenekin, gaur egungo krisi ekonomikoan erabakiak "laster" hartu behar direla eta, horretarako, "gobernu sendoa" behar dela azaldu nahi zuela esan du.
Esandakoagatik jaso dituen kritikek "atsekabetu" egin dutela esan du Lujuak; izan ere, "hauteskundeak aurreratzeko eskakizuna bezala itzuli zituzten" eta, Confebaskeko presidentearen aburuz, inoiz ez zuen halakorik esan.
Hori dela eta, "haserre" dagoela esan du. Lujuaren ustez, egin zituen adierazpenak "baikorrak eta denon artean irtenbideak topatzeko laguntza eskatzeko izan ziren".
Confesbakeko ordezkari nagusiak azaldu duenaren arabera, "esandakoa, azkenean, arazo politiko bat bihurtzen bada", "haserretuta" sentitzen da. "Enpresariok aukera politiko guztiak ordezkatzen ditugu. Eskuineko, ezkerreko eta erdialdeko enpresariak daude, eta ni horien guztien ordezkaria naiz"; azaldu du.
Horregatik, Lujuak argitu duenez, euskal patronalak "ekonomia bilatzen du eta ez politika": "Confebaskek ez du hauteskundeak aurreratzea eskatu bere eginkizuna ez delako".