Ekonomia -
Ekonomia pizteko
Confebaskek ondare eta enpresa publikoak saltzea proposatu du
EAEko patronalak Ekonomiaren Berpizterako Plana 2012-1014 aurkeztu du, "ibilbide orri" gisa.
Erredakzioa
Confebaskek finantziazio funts berezi bat sortzea proposatu du EAEko ekonomia "berpizteko". Patronalak aurkeztu berri duen Ekonomiaren Berpizterako Plana 2012-1014ren baitan kokatu litzateke funts hori.
Miguel Angel Lujua EAEko enpresarien konfederazioko presidenteak aurkeztu du plana, "ibilbide orri" gisa.
Besteak beste, elkarteen gaineko zerga erreformatzea eta % 24an uztea proposatu du patronalak. Era berean, aldundiek eta Jaurlaritzak inbertsio publikoak egiteko erakunde arteko plan bat egitea eskatu du.
Planaren finantziazioa lortzeko, pertsona fisikoen eta juridikoen ekarpenak jasotzea espero du. Baina ez hori bakarrik, izan ere, ondare eta enpresa publikoen salmenta aztertzea eta zerbitzuak pribatizatzea ere proposatu du.
Lujuak "gastua optimizatzea" eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, 6.000 milioi euroko zorpetzea ez baita "bide egokiena".
"Oso garrantzitsua" da Jaurlaritza "indartsua" edukitzea
Miguel Angel Lujua Confebasken presidenteak esan du "oso garrantzitsua" dela Eusko Jaurlaritza "indartsua" edukitzea "erabakiak hartzeko". Hala ere, hauteskundeak deitzeko gaitasuna lehendakariarena soilik dela azpimarratu du.
Ildo horretan, Patxi Lopezek, "ardurazko jarrera batetik", erabakitzeko unerik "egokiena" zein den jakingo duela esan du Lujuak. Enpresariek ahalik eta jarrera politiko "uniformeena, adostuena eta berehalakoena" nahi dutela gaineratu du Lujuak. "Eta hori da esan dezakeguna. Hori da ekonomiarentzat eta herriarentzat onena nire iritziz" zehaztu du.