Ekonomia -
Espainiako bankuen erreskatea
Espainiako bankuen erreskateak baldintzak dituela berretsi du Merkelek
Alemaniako kantzillerrak uste du Espainiak ondo egin duela laguntza eskatzen, jarduera "arduragabeen" ondorioz sortu zen "finantza burbuila" konpontzeko.
Erredakzioa
Angela Merkel Alemaniako kantzillerrak berretsi du Espainiako bankuen erreskaterako eskatutako laguntzak "baldintzak" dituela sektorearentzat, eta jarduera "arduragabeen" ondorioz sortu zen "finantza burbuila" konpontzea duela helburu azpimarratu du.
Merkelek uste du Mariano Rajoyren Espainiako Gobernuaren erabakia "erabat zuzena" izan dela, Alemaniako kantzillerrak Bundestagen (Parlamentua) adierazi duenez.
Gaineratu duenez, Espainiak Alemaniaren eta Europaren "elkartasuna" jasoko du, izan ere, Euroguneko zorraren krisia gai izarra izango da ekainaren 18an eta 19an Mexikon egingo duten G20ren goi-bileran.
Bestalde, kantzillerrak argi adierazi du ez duela eurobonuen alde egingo, zorra kolektibizatzea "txarra" izango litzatekeelakoan.
"Beti ez da formula azkarrenaren alde egin behar, onenaren alde baizik", adierazi du kantzillerrak.
Gainera, oharra igorri die Europako estatuei: "Alemania hor dago, motor ekonomikoa da eta denen ongizatearen alde egingo du, denen zerbitzura, baina Alemaniaren gaitasuna ez da mugagabea".