Ekonomia -
Lan-protesta
Osakidetzako Transfusio eta Giza Ehunen Zentroko langileek "soldata arrakala" salatu dute Bilbon
Bizkaiko hiriburuan manifestatu dira, eta abenduaren 20tik 23ra bitartean lau greba-egun egingo dituztela iragarri dute.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Osakidetzako Transfusio eta Giza Ehunen Zentroko langileek manifestazioa egin dute larunbat honetan Bilbon, Satse, ELA, LAB, UGT, CCOO eta Utese sindikatuek deituta, azken bi urtetan profesional horiek pairatzen duten "soldata arrakala" salatzeko.
Manifestazioa Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren egoitza parean hasi da, 12:00etan, eta Plaza Biribilean bukatu. ELA sindikatuak ohar baten bidez jakitera eman duenez, "abenduaren 7an saiatu ginen azkenekoz Gotzone Sagardui sailburuarekin akordio batera iristen. Baina antzua izan zen hurbilketa, bidegabekeria zuzentzeko aukerari bizkarra eman baitzieten Osasun Sailak eta Osakidetzak, beste behin".
Sindikatuak deitoratu duenez, sektoreko beste lantaldeek baino "baldintza eskasagoak ditu TGEEZko kolektiboak" eta horiek parekatzea nahi du. ELAk azaldu duenez, "langile horiek Usansolo-Galdakaoko ospitalean eta Osakidetzako sare guztian erabat integratuta daude, eta odolez eta ehunez hornitzen du EAE osoa".
"TGEEZak egiten duen lanari esker ospital guztiek, zentro denetako osasun profesionalek eta pazienteek dituzte behar-beharrezkoak diren odola, ehunak eta patologiak tratatzeko hemoderibatuak", gaineratu dute.
ELAren iritziz, gatazka konpontzeko bide bakarra "negoziazioa" da. Horregatik berriro eskatu diete Osasun Sailari, Osakidetzari eta TGEEZko zuzendaritzari "bide horretan urratsak eman ditzatela".