Ekonomia -

Espainiako bankuen erreskatea

Rajoy: 'Kreditua bankuei emango diete, eta bankuek itzuliko dute'

Espainiako Gobernuko presidenteak esan du "ospatu" egin behar dela "Europar Batasuneko kideek lagundu izana".

Mariano Rajoy, Kongresuko saio batean. EFE
Mariano Rajoy, Kongresuko saio batean. EFE
Rajoy: 'Ez da erreskatea izan, bankuentzako kreditua baizik'

00:48

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak adierazi du Eurotaldeak onartutako erreskatea Espainiako bankuei emandako "kreditu bat" dela, eta "bankuek eurek" itzuli beharko dutela. Horrenbestez, "Europar Batasuneko kideek lagundu" izana "ospatu" egin beharra dagoela iritzi dio.

Gobernuburuak; Soraya Saenz de Santamaria presidenteordeak; eta Ekonomia, Ogasun eta Osasun ministroek azalpenak eman dituzte gaur goizean Diputatuen Kongresuan. Erreskateari buruzko saio monografikoa uztailaren bigarren astean egingo dute, baina gaur PSOEren, UPyDren eta ICVren galderei erantzun diete, kontrol saioan.

Agerraldian, Rajoyk nabarmendu du erreskatea "funtsezkoa eta lehentasunezkoa" zela, eta 2009 urtean egin behar zuketela.

"Oso pozik nago, Espainiak ez baititu une honetan 100.000 milioi euro, eta ezin baitu zor jaulkipenik egin, jakingo duzunez", esan dio Rajoyk Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiari.

Rajoyren esanetan, krisia "administrazio publikoen, familien, enpresen eta finantza erakundeen zorren ondorioz" sortu da. "Iaz, bildutakoa baino gehiago gastatu zuten administrazioek", gaineratu du.

Gobernuburuak iragarri du gutun bat igorri diela Jose Manuel Durao Barroso eta Herman Van Rompuy Europako Batzordeko eta Europako Kontseiluko presidenteei, Europako bankuen batasuna eskatzeko.

Eskaera Alemaniari, Frantziari eta Italiari ere helaraziko die, hilaren 22an Erroman egingo duten goi-bileran.

Alfredo Perez Rubalcabak ikerketa batzorde bat sortzea proposatu du, erreskatearen 100.000 milioi euroak "kontrolatzeko" eta krisiaren "erantzukizun politikoak eta ekonomikoak zehazteko". "Ezin diguzu sinestarazi Bankiako ikuskizunak ez duela eraginik izan", leporatu dio Rajoyri.

Joan Coscubielak (ICV) gobernuburuaren aurka egin du, erreskateak ez duela ordainik esateagatik. Diputatu ezkertiarrak "ordain" horietako batzuk aipatu ditu: lan erreforma, Osasuneko eta Hezkuntzako murrizketak eta BEZa igotzeko konpromisoa.

Rosa Diez UPyDko bozeramaileak "gauzak beren izenekin aipatzea" eskatu dio Rajoyri, hots, "erreskateari erreskate deitzea". "Esan nirekin, erreskate", azpimarratu du.

De Guindos: "Erreskateak ez die kosturik ekarriko herritarrei"

Bestalde, erreskateak herritarrentzat "kosturik" izango ez duela errepikatu du Luis de Guindos Ekonomia ministroak.

Inmaculada Rodriguez-Piñero diputatu sozialistak "gardentasun faltaz jokatzea" eta "izua zabaltzea" egotzi dio ministroari, eta horrek erantzun dio erreformak "duela hiru urte" egin izan balituzte egungo egoera ezberdina izango zela.

Santamaria: "Gobernuak unean uneko informazioa emango dio Parlamentuari"

Soraya Saenz de Santamaria presidenteordeak iragarri du Gobernuak "unean uneko informazioa" emango diola Parlamentuari erreskatearen inguruan, eta Bankuen Berregituraketa Ordenatua Egiteko Funtsaren (FROB) azpibatzordean egitea proposatu du.

Santamariak Soraya Rodriguez sozialistaren galdera bati erantzunda egin ditu adierazpenok. Hain zuzen ere, erreskatearen aurrean Parlamentuaren zeregina zein izango den galdetu dio horrek.

Hori horrela, presidenteordeak erantzun du Gobernuak erreskatearen nondik norakoak "zehaztu eta gero" emango dituela azalpenak.

Montoro: "Erreskateak ez du baldintzarik"

Cristobal Montoro Ogasun ministroaren hitzetan, Eurotaldeak ez du baldintzarik ezarri Espainiako Aurrekontuetan, erreskatea emateko.

Horren ildotik, Montorok bankuak berriz kapitalizatzeko laguntzak eta defizita murrizteko prozesuak ezberdintzeko eskatu dio Pedro Saura diputatu sozialistari: "Ea ulertzen duzuen eta PSOEko idazkari nagusi jaunari azaltzen diozuen, gaur goizean zalantza ugari antzeman baitizkiot; defizita handituz Espainia hazi egingo dela uste du".

Saurak erreskateak Aurrekontuetan eragina izango duela "ez ukatzeko" dei egin dio, bankuen zorra "familien zorra" izango baita.

"100.000 milioi euro ematen direnean, beltzez jantzitako gizonak ez dira joaten Bahametara oporretan; [Espainiako] Altxor Publikoan geratzen dira, Gobernuaren politika ekonomikoa zaintzen", salatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea