Ekonomia -
Oposizioak eskatuta
Rajoy uztailean agertuko da Kongresuan, Europako goi bileraren ostean
Alfonso Alonso Kongresuan PPko bozeramaileak azaldu duenez, Gobernuko presidenteak Kongresuko osoko bilkuran "azaldu nahi du" erreskateari buruzko informazioa emateko.
Erredakzioa
Alfonso Alonso Kongresuan PPko bozeramailea denak azaldu duenez, Gobernuko presidenteak Kongresuko osoko bilkuran "azaldu nahi du" Europak Espainiari egingo dion erreskateari buruzko informazioa emateko. Uztailean izango da hori, ekainaren amaieran Europako goi bilera izan ostean.
Rajoy Parlamentuan agertzeko oposizioak aho batez egindako eskaeraren aurrean, Alonsok azaldu du Gobernuaren eta Europar Batasunaren "agenda estuan" lehentasuna honako hauek dutela: datozen asteetako Greziako hauteskundeak, G-20aren bilera Mexikon, Rio+20 goi bilera eta hilabete amaierako Europako bi bilerak.
Horregatik Gobernuko presidentea Kongresuan agertzeko eguna atzeratu egin behar dela uste du, baina ez du zalantzarik azalduko dela. "Rajoyk agertu nahi du eta hala egingo du. Garrantzitsua da krisiaren eta Europaren inguruko eztabaida bat sortzea. Nahitaezkoa da.", nabarmendu du.