Ekonomia -
'Erabateko engainuagatik'
UPyDk Bankian esku-hartze judiziala eskatu du
Alderdiak botere politikoaren "eragin nabarmena" salatu du, eta erakundearen azken 35 arduradunei (Rodrigo Rato eta Angel Acebes, besteak beste) bost delitu egotzi dizkie.
Erredakzioa
Rosa Diez Unión, Progreso y Democracia (UpyD) alderdiaren bozeramaileak Bankian esku-hartze judiziala agintzeko eskatu dio Auzitegi Nazionalari, banku hori kudeatzeko moduarekin eta burtsara aterata "ehunka diru-ezarle txiki" engainatu dituztelako.
Erakundearen 35 arduradunek Espainiako ekonomian eta finantza-sisteman eragin duten "min larria" salatzeko kereila aurkeztu ostean egin ditu adierazpen horiek UPyDren buruak. "Iruzurra, bidegabeko jabetzea, kontuak faltsifikatzea, iruzurrezko esku-hartzea eta prezioak aldatzeko azpikeria" egotzi dizkie Diezek.
"Langileen eta hartzekodunen eskubideak babesteko, esku-hartze judiziala eskatu dugu", adierazi du UPyDren parlamentariak.
Bankiaren eta Banco Financiero y de Ahorros (BFA) matrizearen Administrazio Kontseiluko kideen aurka jarri dute kereila. Horien artean daude, besteak beste, Rodrigo Rato Bankiaren presidentea, Jose Luis Olivas presidenteordea eta Bancajaren arduradun nagusia, Angel Acebes Barne ministro ohia eta Arturo Fernandez Madrileko Enpresa Konfederazioaren (CEIM) presidentea.
UPyDren idatziak justifikatu egiten du epaileek Bankian eta BFAn esku hartu izana “botere politikoak eragin handia” izan duelako azken urteotan erakundean, “lege autonomiko batzuen bitartez apurka-apurka kontseilari delegatuen pisua handitu baitu diru-ezarleen kaltean”.