Ekonomia -
Espainiako Bankuen Erreskatea
Espainiak asteburuan eskatuko du erreskatea, EBko iturrien arabera
Rajoyren Gobernuak, ordea, "espekulaziotzat" jo du informazio hori, eta Bruselak oraingoz ez dutela Espainiaren laguntza-eskaerarik jaso azpimarratu du.
Erredakzioa
Espainiak bankuak birkapitalizatzeko erreskatearen eskaera larunbatean egin dezakeela argitaratu du Reuters agentziak Europar Batasuneko hainbat iturri aipatuta.
Espainiako Gobernuak, ordea, informazio hori "espekulaziotzat" jo du, eta horrelako berrien inguruan ez duela inolako baloraziorik egingo azpimarratu du.
Hala, Moncloako iturriek Mariano Rajoyk ostegunean egindako adierazpenak ekarri dituzte gogora, eta horrez gain, Soraya Saenz de Santamaria Gobernuko presidenteordeak ministroen kontseiluaren ondoren prentsaurrekoa emango duela azaldu du.
Rajoyk argi utzi zuen ostegunean, bankuen birkapitalizazioaren inguruan Nazioarteko Diru Funtsaren txostena jaso eta bi enpresa independentek sektoreak behar duen laguntza zenbatekoa den argitzen dutenean hartuko duela Exekutiboak erabakiren bat.
Brusela: 'Oraingoz ez dago eskaerarik'
Europako Batzordeak ziurtatu duenez, Espainiako Gobernuak ez du "bankuen sektorea birkapitalizatzeko" inolako laguntza eskaerarik igorri, baina behar izanez gero horiek martxan jarri ahal izateko baliabideak badirela gogoratu du.
"Ez dago oraingoz Espainiaren eskaera baten inguruko berririk. Eskaera bat egonez gero, adostutako pausoak kontuan hartuta martxan jarri ahal izateko baliabideak badaude", esan dute Bruselako iturriek.