Ekonomia -
Izendapena
Linde izango da Espainiako Bankuaren gobernadore berria
Miguel Angel Fernandez Ordoñezen tokia hartuko du. Soledad Nuñez, berriz, gobernadoreordea izango da.
Erredakzioa
Luis Maria Linde izango da Espainiako Bankuaren gobernadore berria, Luis de Guindos Ekonomia ministroak Kongresuan iragarri duenez. Soledad Nuñez izango da gobernadoreordea, Kongresuko iturriek jakinarazi dutenez.
Lindek Miguel Angel Fernandez Ordoñezen lekua hartuko du. Fernandez Ordoñezek datorren igandean utziko du kargua, aurreikusitakoa baino hilabete lehenago, sei urteko agintaldiaren ostean.
De Guindosen ustez, gobernadore berria esperientzia handiko pertsona da eta ez dago alderdi politiko jakin batekin lotuta. Horrek, erakundearen independentzia bermatuko duela iritzi dio.
De Guindosek Linderen gaitasun teknikoa eta izen ona azpimarratu ditu, eta horiek "gaur egun, ezinbesteko ezaugarriak" direla gaineratu du.
Finantza sektorea krisi handian murgilduta eta Espainiako Bankuaren izena kaltetuta dagoen garai batean hartuko du kargua Lindek.
Azken hilabeteotan agerian geratu da Espainiako Bankuko ikuskatzaileek Fernandez Ordoñezek egindako kudeaketaren inguruan dituzten desadostasunak, eta kritika horiek Gobernuko kideek ere egin dituzte.
Beraz, gobernadore berriak bi lan nagusi izango ditu: Espainiako Bankuaren sinesgarritasuna indartu eta Ekonomia Ministerioarengandik independente dela erakutsi.
Gainera, datorren astelehenean bertan, kargua hartu eta lehenengo egunean, Nazioarteko Diru Funtsak txostena argitaratuko du Espainiako finantza sektorearen inguruan eta astebete geroago Oliver Wyman eta Roland Berger aholkularitza zerbitzuek Espainiako banketxeen inguruko txosten bana kaleratuko dituzte.
Dokumentu horietan oinarrituta kalkulatuko dute sektoreak duen kapital premia.