Ekonomia -

Bilera, telefono bidez

Europako finantza batasuna babestu du G7ak

Espainiaren eta Greziaren egoera jorratuko dutela aurreratu du Japoniako ordezkariak, eta Espainiako burtsak baikortasunez erantzun dio.

G20. EITB
G-7: Euroguneko krisia, aztergai

01:14

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'Europan, finantza mailan zein zerga esparruan batasuna lortzeko eman berri diren pausoak'' babestu ditu astearte honetan G7ak, AEBetako Altxor Publikoak jakitera eman duenez.

"Mundu mailako ekonomian eta finantza merkatuetan izan diren gertaerak aztertu dituzte G7ko buruek, baita horiei eman beharreko erantzun politikoa ere. Jorratutako gaien artean, Europan finantza mailan zein zerga esparruan batasuna lortzeko eman berri diren pausoak aztertu dira'', azaldu du ohar labur batean Altxor Publikoak. Bertan ez dute erabaki berrien inguruko informaziorik eman.

AEBetako, Japoniako, Kanadako, Frantziako, Erresuma Batuko eta Italiako ordezkariek hartu dute parte astearte honetan telefono bidez egin duten bileran.

Bertan, G20ak hilaren 18an eta 19an Mexikon egingo duen bilera lantzeko, ''mugimenduak gertutik jarraitzeko akordioa'' egin dute G7ko buruek.

Washingtonekin batera, Japoniako ordezkariak bakarrik eman du bileran landutakoaren berri. Jun Azumi Finantza ministroak aurreratu duenez, G7ko kideek elkarrekin jorratuko dituzte Espainiaren eta Greziaren egoerak.G7aren babesak baikortasuna piztu du burtsan

Espainiako burtsak eta zor merkatuak baikortasun jardunaldia izan dute astearte honetan, bigarrenez jarraian, G7ak Europako planei emandako babesari esker. Burtsak % 0,45 egin du gora, eta 6.300 puntutara ere iritsi da. Azkenean, 6.268ko mailan itxi du jarduna. Arrisku-saria, berriz, oinarrizko 511 puntuan kokatu da.

Gastua handitzea

Euroguneari laguntzeko helburuz, ahalmen fiskal handia duten herrialdeek gastua handitzea aztertzen ari da G20a, talde horretako iturri batek jakinarazi duenez. Hain zuzen ere, Alemania eta Kanada dira ahalmen hori duten herrialdeetako batzuk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea